Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri ditu koronabirusari lotutako datuak, eta, guztira, 21 positibo baieztatu zituzten atzo Urola Kosta eskualdean. Positibo kopuruak gora egin du; izan ere, asteburuko hiru egunetan 22 kasu zenbatu zituzten bailaran, eta atzo, egun bakar batean, 21.
Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien: zortzi, hain zuzen ere. Hori horrela, intzidentzia tasak apur bat gora egin du kostako herri horretan: 192,74koa da zifra hori egun, eta 167,05koa zen atzo. Azkoitia da eskualdeko herrien artean egoera okerrena duena, beste egun batez: zazpi kasu zenbatu zituzten atzo, eta 484,02koa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz, bezperan baino zertxobait altuagoa –458,98koa zen kopurua atzo–. Herri horrek eremu gorrian jarraitzen du; Urola Kostako herrien artean eremu gorrian dagoen herri bakarra da Azkoitia. Zumaian beste lau positibo zenbatu zituzten atzo, eta 111,94koa da hango intzidentzia tasa; gora egin du kopuruak han ere, atzo 81,41ekoa baitzen tasa. Azpeitian atzeman zituzten gainontzeko positiboak –bi kasu–; 335,09koa da hango intzidentzia tasa, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak.
Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez dute positiborik zenbatu, eta 200eko langatik behera daude intzidentzia tasa guztiak.
Hego Euskal Herrian, positiboak gora
Hego Euskal Herrian, 10.694 proba egin zituzten atzo, eta, guztira, 411 pertsonak eman zuten positibo. Nabarmen egin du kopuruak gora; izan ere, igandean 301 kasu atzeman zituzten lau lurralde horietan. Bizkaian 169 positibo zenbatu zituzten atzo, Gipuzkoan 136, Araban 31 eta Nafarroan 67. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi lagunek ere eman zuten positibo.
Ospitaleetako egoerari dagokienez, 39 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko ospitaleetan. Gaur-gaurkoz, guztira 256 pertsona daude ospitalean COVID-19ak jota, eta horietatik 94 ZIUetan daude.