Ostalaritzaren ordutegia gauerdira arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 31a, 19:37

Bihar argitaratuko dute dekretua, eta etzitik, asteazkena, izango dira indarrean neurri berriak. Aire zabaleko jarduerak malgutzea ere erabaki dute, Labi aholku batzordean adostutakoari jarraituz. Horrela, aire zabaleko kirol jarduerek ez dute pertsona kopuru mugarik izango.

COVID-19aren jarraipenerako Labi aholku batzordeak bilera egin du gaur, eta han adostutako hainbat neurriren berri eman du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak. Neurri horiek Jaurlaritzak bihar argitaratuko duen dekretu berrian jasoko dituzte, eta etzitik, asteazkena eta ekainaren 2a, indarrean izango dira.

Maiatzaren 8an argitaratu zuen Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko neurriekin azken dekretua, eta han jasotako “neurri gehienak” bere horretan mantenduko direla adierazi du Urkulluk. Hain zuzen ere, dekretu berriak lau aldaketa nagusi jasoko ditu aurrekoarekiko. Asteazkenetik aurrera, aire zabaleko kirol jarduera pertsona kopurua mugatu gabe egin ahal izango da; establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordutegia gauerdira arte luzatuko da, garraio publikoaren irteera ordutegia ere gauerdira arte luzatu ahalko da; eta aisialdiko taldeak gehienez hamar lagunekoak izango dira, beti ere egonkorrak direla bermatzen bada.

Neurri berriak, atzeratuta

Labi aholku batzordeak beste bederatzi neurri zerrendatu ditu, baina horien aplikazioa “atzeratzea” erabaki dutela jakinarazi du Urkulluk, pandemiaren bilakaeraren datuak hobetu arte.

Hain zuzen ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19aren intzidentzia metatuaren tasa 150era jaitsi arte edo 50 urtetik gorakoen txertaketa % 90era iritsi arte, “eta ospitaleetan inpaktua beheranzkoa bada” onartuko dituzte ondorengo neurriak: jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 01: 00etara luzatzea; merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultur ekitaldietan eta kultu aretoetan edukiera handitzea; ekitaldietarako gehienezko edukiera handitzea, 600 lagunera arte barnealdean eta 800 lagunera arte toki irekietan; ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea; txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin; areto itxietan kirol jarduera ahalbidetzea, gehienez hamareko taldeetan; kirol ekitaldietan publikoa baimentzea % 60ko edukierarekin, gehienez 800 pertsona areto itxietan edo 1.200 pertsona kanpoan; bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko taldeak handitzeko aukera ematea; edukiera %60ra handitzea igerilekuetan, lorategietan, hoteletako terrazetan eta kanpinen kanpoaldean.

“Itxaropena eta zuhurtzia”

Apirilaren amaieratik pandemiaren bilakaera “positiboa” izan dela adierazi du Urkulluk gaurko agerraldian, baina ohartarazi du gaitzaren intzidentziaren jaitsiera “moteldu” egin dela azken astean, eta horrek “nolabaiteko ziurgabetasun ikuspegia zabaltzen du”, lehendakariaren hitzetan.

“Itxaropena eta zuhurtzia” uztartu behar dira, Urkulluren arabera, pandemiaren une honetan. Alarma egoeraren neurriak altxatzearen ondorioz etorri da, lehendakariak esan duenez, jaitsieraren geldotzea, baina txertatze kanpaina “positiboki aurrera” doala gaineratu du, hortan jarria du itxaropena Jaurlaritzak: Urkulluk gaur eman dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen % 27k osatu du immunizazioa, eta %50ek txertoaren dosi bat jaso du gutxienez.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide