Hedatze datuek mantetzera jo dute astebetean

Onintza Lete Arrieta-Aritz Mutiozabal 2021eko maiatzaren 28a

Eremu horian jarraitzen du Zarautzek, eta 201,31ra jaitsi da intzidentzia tasa. Astebetean 25 kasu hauteman dituzte, aurreko asteko kopuru antzekoa; atzo, adibidez, lau kasu detektatu zituzten. 

Astetik astera COVID-19aren hedatze datuek mantentzera egin dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azken astean atzemandako kutsatze datuen arabera, antzeko kopurutan ibili da Zarautz: aurreko astean 22 positibo kasu izan ziren herrian, eta aste honetan, berriz, 25. Intzidentzia tasak, ordea, beherantz egin du –291,26koa zen aurreko astean, eta orain 201,31koa da–, eta eremu horian jarraitzen du. Edonola ere, 200eko langa hori atzean uztea kosta egiten zaio, nahiz eta atzo lortu zuen.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean antzerako daude datuak aurreko egunarekin alderatuta: atzo hamalau positibo berri atzeman zituzten, eta asteazkenean hamazazpi, izan ere. Asteartetik gorakada egon da, orduan zortzi kasu bakarrik atzeman zituztelako. Hazkunde horretan, Azkoitian izan zen gorakada nabarmenena, bederatzi positibo bertan atzeman  baitzituen Osakidetzak. Atzo bi positibo berri bakarrik izan ziren herrian, baina intzidentzia tasa ez da jaitsi, eta  492,36koa da gaur-gaurkoz. Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena zen atzo, eta baita gaur ere.

Azken datuen arabera, launa kasu berri egon dira Azpeitian eta Zarautzen, baina intzidentzia tasak ez dira asko aldatu: Azpeitian  315,37koa zen 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa herenegun, eta atzo, berriz, 328,52koa. Zarautzen, berriz, 192,74tik 201,31ra igo da.

Orion eta Zumaian ere bi positibo berri atzeman zituzten atzo, baina positibotasunak oso baxua izaten jarraitzen du aurreneko herrian (50etik beherakoa), eta bigarrenean ere apenas igo den, 152,64koa zelako herenegun, eta 162,82koa atzo.

Gainerako herrietan ez zen positibo berririk atzeman atzo, hau da, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan.

Hamar pertsona gutxiago Osakidetzako erietxeetan

Hego Euskal Herrian, berriz, 437 positibo atzeman zituzten atzo, osteguna, Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira 9.976 PCR eta antigeno proba egin zituzten, horietatik 7.903 test Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 2.073 test, berriz, Nafarroan. Lurraldeka, Bizkaian atzeman ziren atzo ere positibo gehien, 171, ondoren Gipuzkoan (138), Nafarroan (79) eta Araban (45). EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonek ere eman zuten positibo atzo.

Hala, %4,5ekoa da positibotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %3,8koa, berriz, Nafarroan. Nabarmen jaitsi da Nafarroan, bezperan %4,5ekoa  zelako, eta antzeratsu dago gainerako hiru lurraldeetan, %4,4koa zelako atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 41 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVID-19a duten 103 pertsona ZIUn daude. Guztira 277 pertsona daude Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; bezperan baino hamar pertsona gutxiago, alegia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide