Sarrera guztiak agortu dira Zarautz Triken lehen jaialdirako

Aritz Mutiozabal 2021eko maiatzaren 27a

Zarautz Trik elkarteko ikasleak saio batean. (Zarautz Trik)

Hainbat gonbidatu izango dituzte Zarautz Trik kultur elkarteko trikitixa ikasleek. Modelo aretoan izango da emanaldia, bihar arratsaldean, 18:00etatik aurrera.

Zarautz Trik kultur elkarteak estreinako jaialdia antolatu du: bihar arratsaldean trikitixa ikasleek lehen kontzertua eskainiko dute, 18:00etan hasita, Modelo aretoan. Baina ez dira bakarrik arituko, hainbat eragile nahiz gonbidatu berezik ere parte hartuko baitute haien ondoan. «Azken urtean ezin izan ditugu kaleak alaitu, eta herriari hori eskaintzeko asmoa du jaialdiak. Baita gu geuk ere asetzeko modu egokia izateko», adierazi du Zarautz Trik elkarteko Aratz olaizola trikitilariak. Lehen Zarautz Trik Jaialdiak erantzun bikaina izan du herrian. Duela astebete jarri zituzten sarrerak salgai, erreserba bidea, eta aste honetan zehar jada agortu egin dira. 

Kultur elkarte gisa duela bi urte eratu zen arren, badira sei bat urte herriko trikitilari eta trikizale batzuek taldea sortu zutela. Hilero ekitaldi bat egiteko ohitura hartu zuten berehala: kalejirak herriko jaietan, herriko jaialdietan parte hartzen eta  Kantujirarekin kalera ateratzen, besteak beste. «Behar hori bazegoela ikusten genuen, eta halako saioekin herriko trikitilariak eta trikitizaleak motibatuarazi nahi genituen, trikitixarekin aurrera jarraitzeko herrian», azaldu du Olaizolak.

Pandemiak baldintzatu duen murrizte kulturalak, beste askori bezala, Zarautz Trik taldeari ere zuzenean eragin dio. Urtebetean ezin izan dute kalera atera soinua jotzera eta panderoa astintzera, eta taldekideak «asko desanimatu» direla aitortu du elkarteko kideak: «Ez da erraza etxetik bakarrik norbere zaletasunarekin jarraitzea». Hori horrela, irtenbide egokia iruditu zaie bihar arratsalderako antolatu duten jaialdia egitea.

Bertan, Zarautz Trikeko hamabi ikasleek hartuko dute parte. Olaizolak jakitera eman duenez, egun kultur elkartea bi multzotan dagoela osatuta: batetik, arlo akademikoa dago, trikitixako ikasleek osatzen dutena, eta bestetik, arlo ludikoa, kalez kale jotzen ateratzen direnek osatutakoa. Egungo egoera dela medio, ikasleekin egitea erabaki dute aurten jaialdia. «Baina ea egoera hobetzen den, eta beste jaialdiren batean-edo parte har dezakegun. Jendea gogoz baitago!».


Gonbidatuak

Gertuko dituzten kultur eragileak gonbidatu dituzte oholtza beraiekin partekatzeko: Jalgi Dantza Taldea, Etxe-Beltz bertso eskola, Karmelo Mendizabal eta Lurdes Urbinak gidatzen duen klown tailerra; azken hauen Maurixi eta Primi klownak arituko dira aurkezle lanetan. Ikasleen emanaldiaren ondoren, Neomak taldeak eskainiko du saioa; tamalez, lan kontuak direla eta, taldeko kide Eneritz Aulestia zarauztarrak ezin izango du jaialdian parte hartu. Bestalde, hainbat sari zozkatuko dituzte emanaldian zehar.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide