Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta gora egin dute kasu berriek eskualdean. Hamazazpi kasu izan ziren atzo Urola Kostan —herenegun baino bederatzi gehiago—, eta horietatik bederatzi positibo Azkoitian atzeman zituzten. Azken egunetan beheraka ari zen Azkoitiko intzidentzia tasa, baina berriro egin du gora, eta 492,36koa da orain, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrietatik altuena, hain zuzen.
Bestalde, Azpeitian hiru kasu zenbatu zituzten atzo, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du han apurka-apurka bada ere. Gaur-gaurkoz, 315,37koa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako Azpeitiko intzidentzia tasa, eta eremu laranjan jarraitzen badu ere, gero eta gertuago du eremu horia. Bestalde, Zestoan eta Zumaian bina kasu zenbatu zituzten; Zestoan 205,44tik 256,81era igo da intzidentzia tasa, eta Zumaian, atzoko tasa bera dute. Zarautzen, berriz, kasu bakarra atzeman zuten atzo, azken egunetako kopururik baxuena, eta intzidentzia tasak beheraka jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 192,74 da tasa.
Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten kasu bakar bat ere atzeman atzo, eta herri gehienetan behera egin du intzidentzia tasak. Aian 50,38 da tasa, Aizarnazabalen eta Beizaman hutsa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67 eta Orion 16,31.
Eri gutxiago ospitaleetan
Hego Euskal Herrian positibotasun tasak %5etik beherakoa izaten jarraitzen du, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%4,4), bai Nafarroan (%4,5). Atzo, guztira, 10.387 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 456 pertsonak eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (194), eta ondoren, Gipuzkoan (117), Nafarroan (93) eta Araban (46). Horrez gain, sei kasu zenbatu zituen Osakidetzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo.
Ospitaleratzeei dagokienez, egoerak hobera egiten jarraitzen du pixkanaka. Gaur-gaurkoz 287 gaixo daude COVID-19agatik ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 107 ZIUetan daude. Nafarroan, berriz, 56 dira COVID-19agatik ospitalean dauden eriak, eta hamabi dira ZIUetan daudenak.