Irudimena lantzera gonbidatzen duen 'familia' aurkeztu du Anjel Lertxundik

Zarauzko Hitza 2021eko maiatzaren 26a

Anjel Lertxundi, 'Familia xelebrea' bildumarekin (Ikaselkar)

Familia xelebrea album ilustratua ondu du Jokin Mitxelena marrazkilariarekin batera, eta Ikaselkar hezkuntza argitaletxearekin argitaratu du.

Irakurtzen eta idazten ikasten ari diren neska-mutilei zuzendutako liburu berria aurkeztu du Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak, Kimu bildumaren barruan: Anjel Lertxundik idatzi eta Jokin Mitxelenak marrazkiz hornitutako Familia xelebrea album ilustratua. Irudimena lantzera gonbidatzen duen bilduma laburra da, zeinean haurrek hitzekin eta irudiekin jolas egiteko parada duten.

Atzo goizean aurkeztu zuten egileek beraien lan berria streaming bidez, eta halaxe azaldu zuten beraien hitz hartzeetan: hitzak eta marrazkiak "ondo pasatzeko tresnak" dira istorio honetan. Familia xelebrea-k, gainera, umeen hezkuntzan oinarrizkoak diren hainbat helburu betetzen laguntzen du: irakurketan trebatzen, hizkuntza aberasten, sormenaz gozatzen, eta, hori guztia, giro dibertigarri batean.

Bildumaren izenburuak argi azaltzen duen moduan, familia xelebrea aurkeztuko dute Lertxundik eta Mitxelenak: Erramun Babarrun, Mariaje Potaje, Serafin Mokofin eta Arantxa Balantxarena. Lagun bat gonbidatuko dute etxera bazkaltzera, eta egun horretan pasatuko zaizkien gorabehera guztien berri ematen du liburuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide