Hil osora zabaldu du ohiko astea Udaberrik

Amaia Urbieta Arruti 2021eko maiatzaren 19a

2019ko toka txapelketa. (Amaia Urbieta Arruti)

Astelehenean hasi zuten Udaberri elkartekoek hilabete osoko egitarau berezia, Iñurritza inguruan egindako ibilbidearekin. Datozen asteetarako beste hainbat irteera eta ekintza prestatu dituzte. Ikusi hemen egitaraua.

Udaberri jubilatuen elkarteak ezin izan du ohiko Udaberri Astea prestatu aurtengoan ere, baina osasun egoera bereziaren aurrean ospakizunerako alternatiba prestatu dute. 2019ra arte astebetean hainbat ekintza antolatu ohi bazituzten, aurten ekintza horiek hilabete osora zabalduko dituzte. Mikel Arregi elkarteko lehendakariak azaldu du aldaketak gauzak «modu pausatuagoan» egiteko aukera ematen diela, eta horrek dakarren erosotasuna kontuan hartuta, ziurrenik hurrengo urteetarako ere ohitura berari eutsiko diotela. Aurtengoa «Udaberri, udaberrian» izango dela azaldu du Arregik, elkartearen izenaren eta urtaroaren arteko lotura egiten. 


Naturari lotuta

Astelehenean hasi zuten hilabete osoko egitarau berezia. Askotariko ekintzak egingo badituzte ere, egitarauaren zati baten zutabeak dira ingurugiroa ezagutzea eta ariketa fisikoa egitea. Esaterako, herriko zuhaitz motak aztertzea helburu zuen ibilaldia egin zuten Iñurritza inguruan astelehenean. Ipar Ibilketa egiteko bi ikastaro ere antolatu dituzte: maiatzaren 24an eta 26an izango da bata, eta 25ean eta 27an bestea. Ikastaroetan gehienez ere sei lagunek parte hartu ahalko dute. Ostiral honetan, berriz, beste ibilaldi bat egingo dute Zarauzko zuhaitz motak aztertzen jarraitzeko, oraingo honetan, Santa Barbara inguruan. 

Ingurugiroarekin lotura dutenez gain, urteroko hainbat hitzorduri ere eutsiko diete Udaberrikoek. Hala, aurten ere jokatuko dituzte Toka eta Igel txapelketa. Arrakasta izan dute deialdiek, Arregi lehendakariak jakinazi baitu dagoeneko bete egin dela Toka txapelketako izen-ematea.

Bestetik, Getariako Balentziaga museoa bisitatzeko aukera ere jarri dute, bertan duela gutxi inauguratutako erakusketa ikusteko. Bisita Udaberri elkartearen bidez egiten duten lehen hogei bazkideei deskontu bonua emango diete. 

Era berean, Vista Alegre auzoko parkean orientazio ibilbideak ere egingo dituzte, Zarauzko Udalak eta GOT Orientazio Taldeaak martxan jarritako egitasmoa baliatuz. Gainera, ibilbideetan parte hartzen duten bazkideen artean hiru sari zozkatuko dituzte.


Berriro, argazkigintza


Iazko arrakasta kontuan hartuta, aurten ere martxan jarri dute argazki lehiaketa. Iaz Udaberri Asterik ez zuten egin, baina konfinamenduari lotutako argazkiak eskatu zizkieten elkarteko kideei, etxetik ateratako argazkiak, alegia. Aurtengoan ere martxan jarri dute egitasmoa, eta 24 kidek parte hartu dute eta 67 argazki aurkeztu dituzte, denera; iaz egin bezala, horiekin erakusketa prestatuko dute laster. 

Ekintzetan izena eman duten pertsonen kopurua ezarritako gehiengoa baino gehiago baldin bada, itxaron zerrenda bat egingo du Udaberrik, eta ekintzak errepikatzeko aukera izango da. Ekintza bakoitzaren egunaren edota izena emateko bideen informazioa eskuratu ahal izateko, Udaberri elkartearen bulegora bertaratu daiteke, 943-13 33 02 telefono zenbakira deitu (astelehenetik asteazkenera, 10:00etatik 12:00etara bitartean), edo mezua bidali udaberrizarautz@gmail.com helbide elektronikora.

Egitarau osoa

  • Maiatzak 25 eta 27. Nordic Walking ikastaroa. Gehienez sei lagunek hartu ahalko dute parte.
  • Maiatzak 24 eta 26. Nordic Walking ikastaroa. Gehienez sei lagunek hartu ahalko dute parte.
  • Maiatzak 31. Zarautz bere zuhaitzetatik ibilbidea Santa Barbara inguruan, goizez. Gehienez hamabi lagunek hartu ahalko dute parte.
  • Ekainak 21, 22, 23 eta 24. Toka eta igel txapelketa elkartean bertan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide