Euskara eta bertsogintza sustatzearekin batera, sormenari eragite aldera, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak Basarri Bertsopaper Lehiaketa antolatu du beste urte batez. Aurtengoa 37. aldia da, eta ohiko moduan badator ere, aldaketa bat du funtsean: sari bakarra banatuko dute, irabazlearena, eta 1.800 eurokoa izango da, iaz baino 300 euro gehiago.
Lanak aurkezteko epea irekita dago dagoeneko, eta bertso-sortak aurkezteko azken eguna ekainaren 27a izango da. Iaz bezala, posta elektroniko bidez soilik aurkeztu ahalko dira lanak, osasun neurriak bermatzeko; hau da, kultura@zarautz.eus posta elektronikoan jasoko ditu udalak, izen emate orriarekin batera.
Epaimahaia Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta iazko txapeldun Haritz Mujikak osatuko dute; Posdata izeneko bertso sortarekin irabazi zuen asteasuarrak. Irabazlearen izena uztailaren 2a jakinaraziko dute, eta sari banaketa ekitaldia, urteroko moduan, Motxian bertso eskolak antolatzen duen Bertso Astearen barruan egingo dute.
Lehiaketari buruzko informazio gehiago nahi dutenek 943-00 51 20 telefono zenbakira dei dezakete, edo kultura@zarautz.eus posta elektronikora idatzi.