Abandonatutako 175 bizikleta erretiratu ditu udalak

Aritz Mutiozabal 2021eko maiatzaren 18a

Lege Zaharren enparantzako bizikletak aparktzeako tokia. (Zarauzko Udala)

Lehen fase honetan bizikletak aparkatzeko tokietan aurrera eraman dute egitasmoa. Orain, bigarren fasean murgilduko dira: bizikleteroetatik kanpo daudenak kontrolatuko dituzte.

Udaltzaingoak amaitu berri du herriko bizikleta aparkalekuetan egoera txarrean edota abandonaturik zeuden bizikletak kentzeko egitasmoa. Duela hiru hilabete ekin zion egitasmoari, eta, guztira, 175 bizikleta erretiratu ditu; horiei argazkia atera eta alta eman zaie Udaltzaingoren sisteman. Udalak adierazi du orain leku gehiago dagoela herrian bizikletak aparkatzeko

Kentzeko prozesua abiarazi zutenean, hautsita edota abandonu zantzua zeukaten bizikletei pegatina gorri bat jarri eta bi hilabeteko epea eman zieten bertatik kentzeko. Epe hori igaro ondoren, auzoz auzo aritu dira pegatina gorriarekin zeuden bizikletak jasotzen. Bilketa hori "onuragarria" izango dela herriarentzat azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak: “Egunero herritik bizikletan ibiltzen direnek errazagoa izango dute bizikleteroetan tokia aurkitzea, eta gainera herriaren itxura hobetzen da".

Bigarren bilketa bat abian

Bizikleten lehen bilketa amaituta, bigarren fasea jarriko dute orain martxan. Hain zuzen ere, bizikleta aparkalekuetatik kanpo daudenak kontrolatuko dituzte, sistema berdina jarraituz: lehenbizi udaltzainek pegatinak jarriko dituzte abandonu zantzua daukaten bizikletetan eta bi hilabeteko epean kenduko ez balira, dauden lekutik kentzen hasiko dira.

Lehen eta bigarren fasean jasotzen diren bizikletak Udaltzaingoaren hondartzako deposituan gordeko dituzte momentuz, eta Mugikortasun zinegotziak aditzera eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean dabil udala bizikleta horiekin zer egin erabakitzeko. “Bizikleta hauei bigarren bizitza bat emanez ekonomia zirkularra sustatu nahi dugu, jasangarritasunari eta mugikortasun ekologikoari bultzada bat emanez”, nabarmendu Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide