Zarautzen jokatuko dute eskubaloiko kadete mutilen lauko finala

Amaia Urbieta Arruti 2021eko maiatzaren 18a

(Luis Epelde)

Aurtengo denboraldian hamaika traba izan badituzte ere, indartsu jarraitzen du Zarauzko eskubaloiko harrobiak. Jubenilek Espainiako sektoreetako partidak izan zituzten iragan asteburuan, eta kadeteak izango dira protagonista datorrenean.

Sailkapeneko lehen postuan amaitu zuten liga Zarauzko eskubaloiko kadete mutilek, eta denboraldiko Euskadiko txapelduna erabakitzeko lauko finala jokatuko dute datorren asteburuan Zarautzen. Hilaren 21etik 23ra, elkarren aurka jokatuko dituzte partidak Gran Camping Zarautzek, Pulpo eskubaloiak, Bidasoak nahiz Usurbilek.

Aritzbatalde kiroldegian jokatuko dituzte partidak, eta bertan erabakiko dira hurrengo fasera, Espainiako sektorera, igaroko diren taldeak zeintzuk izango diren.

Jubenilak Espainiako sektorean

Euskadiko lauko finaletan emaitza bikainak lortu ondoren (txapeldun izan ziren mutilak eta txapeldunorde neskak), Espainiako sektoreko partidak jokatu dituzte asteburu honetan jubenil mailako Zarauzko eskubaloi taldeek. Emakumezkoek zilarrezko domina eskuratu dute Porriñon (Galizia), eta etxeko taldea izan da garaile. Gizonezkoak, berriz, hirugarren postuan sailkatu dira Alacanten (Herrialde Katalanak), eta sektore horretan ere etxeko taldea gailendu da, Agustinos elkartea, hain zuzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide