Ireki dute Salberdin R3 eremuko etxebizitza tasatuen zozketarako izen-emate epea

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 18a

52 etxebizitza tasatu eraikiko dituzte Salberdingo R3 partzelan, eta zozketa bidez esleituko dituzte. Udan egitea aurreikusten dute.

Xabier Txurruka alkateak hilaren 7an aurkeztu zituen Salberdin eremuaren ipar-ekialdean, R3 partzelan, eraikiko diren 52 etxebizitza tasatuen zozketarako oinarriak. Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) gehieneko prezioari buruzko araudia kontuan hartuta, etxebizitza horien gehieneko salmenta prezioa ezingo da izan 1,5 indizea baino handiagoa, ez eta etxebizitza horiei lotutako garajeen eta trastelekuen prezioa ere. Logela bakarreko etxeak izango dira sustapen horretako merkeenak, eta 167.000 euroko prezioa izango dute. Garestienak, aldiz, hiru logeladun etxeak izango dira, garajea nahiz trastelekua barne hartuko dituztenak, eta 283.000 euroan salduko dira.

R3 partzelako etxebizitza tasatuak jabetza-erregimenean esleitzeko prozedura atzo, maiatzaren 17an, argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). Atzo ireki zen, beraz, zozketarako izena emateko epea; 30 egun naturaleko epea izango da.

Zarautz-Lurren bulegoan (Salegi kalea 14), udalaren web-orrian (zarautz.eus), Amenabar enpresa sustatzailearen bulegoetan (Donibane plaza 7) eta bere web-orrian daude eskuragarri eskaera-ereduak. Oraindik ez dute jakinarazi zehazki zein egunetan egingo duten zozketa, baina udan izatea aurreikusten dute. Dena den, aurreratu dute telematikoki zozkatuko dituztela etxebizitzak, eta streaming bidez jarraitu ahal izango dela prozedura.

Zozketarako oinarrien inguruko informazio guztia, hemen

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide