usko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argitaratu dituzte atzo, larunbata, lau lurraldeetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta ostiralean baino 132 kasu gutxiago zenbatu zituzten. Dena den, egindako proben kopurua ere nabarmen txikiagoa izan zen atzo; 6.299 proba egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.284 Nafarroan, ostiralean baino 4.899 gutxiago.
Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman dituzte beste behin positiborik gehien: 176, hain justu. Ondoren, Gipuzkoan (80), Nafarroan (69), eta azkenik, Araban (23).
Positibotasun tasari dagokionez, Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako %5etik beherakoa da oraindik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, %4,5 hain zuzen. Nafarroan, ostera, %5,4ra igo da tasa.
Gaixo gutxiago ospitaleetan
Bestalde, ospitaleen egoeraren berri ere eman du Osakidetzak. Atzo 28 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19 gaitzagatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 145 pertsona daude gaur-gaurkoz hiru lurralde horietako ZIUetan. Osasunbideak, berriz, ez du Nafarroako ospitaleratzeen berririk eman.
Bihar, astelehena, herriz herriko datuak emango ditu Eusko Jaurlaritzak, eta orduan jakingo da ostiraletik igandera bitartean Urola Kostan izandako positibo kopurua.