Ia erdira jaitsi da intzidentzia tasa astebetean

Julene Frantzesena-Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 14a, 13:43

Egunez egun 20tik gora positibo berri atzematetik, egunean bost kasu inguru zenbatzera igaro dira Zarautzen. Intzidentzia tasa, berriz, 843,79tik 462,59ra jaitsi da astebetean.

Azken astebetean nabarmen egin dute hobera COVID-19aren zabalkunde datuek Zarautzen. Beheranzko joera nabarmena da: duela bi aste 135 kasu atzeman zituzten, aurreko astean 62 eta honetan 46. Azken astean atzemandakoen erdiak baino gehiago, gainera, ostiralean zenbatu zituzten (24 kasu atzeman ziren egun hartan). Intzidentzia tasa ere ia erdira jaitsi da: 843koa zen aurreko astean, eta 462,59koa da gaur.

Orokorra da joera, gainera. Hego Euskal Herrian ez ezik, Gipuzkoan ere asko jaitsi dira atzemandako positibo kopuruak, baita Urola Kostan ere. Atzo, esaterako, hamabi positibo atzeman zituen Osakidetzak eskualdeko herrietan: lau Zestoan; bina Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen; eta bana Errezilen nahiz Zumaian.

Positibo kopuruaren gutxitzearekin batera iritsi da intzidentzia tasen beherakada ere, nahiz eta oraindik badiren eremu gorrian diren herriak Urola Kostan. Azkoitia, Zarautz eta Zumaian 400dik gorakoak dira hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak; 667,61, 462,59 eta 498,63, hurrenez hurren. Eremu laranjan, dira, berriz, Azpeitia (348,23) eta Orio (358,77). Eskualdeko gainerako herriek ez dute hamar mila biztanleko langa gainditzen, beraz, tasaren arabera ez dira kolorez aldatzen. Honako hauek dira herri horietako intzidentzia datuak: Aia (604,53), Aizarnazabal (390,12), Beizama (0), Errezil (1.610,31), Getaria (141,34) eta Zestoa (436,57).

Hego Euskal Herrian atzo gauzatutako 10.405 PCR eta antigeno probetan, orotara, 464 positibo zenbatu zituzten: 32 Araban, 245 Bizkaian, 111 Gipuzkoan eta 71 Nafarroan. Gainera, lurralde horietatik kanpo duten beste bost lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroako positibotasun tasa %3,7 da egun, eta Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, %4,6.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta oraindik asko diren Hego Euskal Herriko erietxeetan COVID-19a tarteko ospitaleratuta dauden pertsonak. Osakidetzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 295 lagun daude erietxeetan –bezperan baino 41 gutxiago–, eta horietatik erdiak, 148 lagun, ZIUetan daude.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide