Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo sei positibo atzeman zituzten Zarautzen. Hala ere, jaitsi egin da intzidentzia tasa 663,90etik 586,80ra. Eskualdean, denera, hamabost positibo atzeman zituzten. Herenegun baino positibo bat gehiago izan arren, azken egunotako joerari eutsi die intzidentzia tasek: herri gehienetan jaitsi egin da tasa, eta jaitsi ez denetan, mantendu.
Ondorengo herrietan atzeman zituzten gainontzeko positiboak: lau Azkoitian, bina Zestoan eta Zumaian eta bat baieztatu zuten Azpeitian. Hala ere, herri horietan guztietan behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko positibo metatuen kopuruak: Azkoitian 805,13tik 758,41era jaitsi da, Azpeitian 361,37tik 354,80ra eta Zumaian 753,03tik 681,80ra. Zestoan mantendu egin da: 487,93koa da tasa.
Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion ez zuten kasu berririk baieztatu atzo, eta herri horietako intzidentzia tasak ere jaitsi edo mantendu egin dira.
Hego Euskal Herrian, gorabeherarik ez
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, 10.318 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal herrian, eta horietatik 543k eman zuten positibo; %5,2k hain zuzen. Herenegun 536 izan ziren.
Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 298. Gipuzkoan 149 izan ziren, Nafarroan 64 eta Araban 29. Beste hiru Hego Euskal Herritik kanpoko herritarrak ziren.
Ospitaleetako egoerari dagokionean, berriz, aldaketa nabarmenik ez. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 69 lagun ospitaleratu zituzten atzo, bezperan baino bat gutxiago, eta gaur-gaurkoz, COVID-19ak jotako 508 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; atzo baino bederatzi gutxiago. Horietatik 159 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) daude.