Igandetik aurrera tabernek eta jatetxeek 22:00ak arte zabalik egoteko aukera izango dute

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 7a, 19:45

Eguerdian EAEko Auzitegi Nagusiak esandakoa errespetatuko du Eusko Jaurlaritzak, eta larunbat gauerditik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute mugitzeko mugarik, etxeratze agindurik eta bilkurak lau lagunera mugatu beharrik izango.

Espainiako Gobernuak larunbat gauerdian indargabetuko du alarma egoera, eta ordutik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute mugitzeko mugarik, etxeratze agindurik eta bilkurak lau lagunera mugatu beharrik izango. Hala jakinarazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Labi aholku batzordearen bileraren osteko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak onartu egin du, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiak eguerdian kaleratu duen ebazpena.

Horiez gain, larunbat gauerditik aurrera indarrean egongo diren beste zenbait aldaketa ere iragarri ditu lehendakariak; besteak beste, tabernek eta jatetxeek 22:00ak arte zabalik egoteko aukera izango dutela, eta kultur, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu muga hori errespetatu beharko dutela. Jaurlaritzak bihar argitaratuko du igandetik aurrera indarrean egongo diren neurriak bilduko dituen dekretua, eta dekretu horretan zehaztuko ditu aldaketa guztiak. Dekretu horrek jasoko ditu musika eta ahots entseguak eta emanaldiak egiteko baldintza berriak eta ezkontza, jaurnartze, bataio eta antzerako ospakizunak egitekoak, eta baita udako jarduerak prestatzeko neurriak ere, hala nola hondartzei, igerilekuei, kirol probei edo aisialdiko jarduerei eragiten dietenak.

Gainera, bertan behera geldituko dira 400dik gorako intzidentzia duten udalerrietan orain arte indarrean zeuden neurri murriztaileak. Ondorioz, tabernen eta jatetxeen barrualdeak zabalik egongo dira egun guztian, eta barruko taldeko kirol jarduerak eta eskola kiroleko jarduerak lau laguneko taldeetan egiteko muga ere bertan behera geldituko da. Gehienez seiko taldeetan gauzatu ahalko dira jarduera horiek. 

Honakoak dira larunbat gauerditik aurrera indarrean egongo diren neurri aipagarrienak: 

  • Etxeratze agindurik ez da egongo. Herritarrek gauez kalean ibiltzeko aukera izango dute.
  • Mugitzeko mugarik ez da egongo. Itxiera perimetralak bertan behera geldituko dira eta herritarrak nahieran mugitzeko eskubidea berreskuratuko dute. Bizi diren udalerritik, lurraldetik zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik ateratzeko aukera izango dute.
  • Bilkura mugarik ez da egongo. Ostalaritzan ez beste esparru guztietan lau lagunetik gorako taldeetan biltzeko aukera izango dute herritarrek.
  • Ostalaritza 22:00ak arte. Barneko edukiera erdira murriztuta egongo da eta ezingo da barran edo zutik kontsumitu. Mahaietan gehienez lau laguneko taldeetan eseri ahal izango da. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako tabernek eta jatetxeek ere barrualdea zabalik eduki ahal izango dute egun guztian.
  • Gazte lokalek, elkarte gastronomikoek eta diskotekek itxita jarraitu beharko dute.
  • Kirola gehienez seiko taldeetan. Aire zabalean zein barrualdean, hori izango da muga. Maskara nahitaez erabili beharko da lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko uneetan izan ezik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide