Datorren igandetik aurrera, maiatzak 9, bertan behera geratuko da alarma egoera Espainiako Estatuan. Horren aurrean, EAEko Auzitegi Nagusiak jakinarazi du etxeratze agindua, lurraldeen zein herrien itxiera perimetralak eta lau laguneko bilkura mugak bertan behera geldituko direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Auzitegiak eguerdian emandako epaiaren arabera, "egungo arautegi juridikoak ez du baimentzen Autonomia Erkidegoek alarma egoeratik kanpo oinarrizko eskubideak modu orokor eta ez indibidualizatuan mugatu ahal izatea". Hala eta guztiz ere, auzitegiak ebatzi du Jaurlaritzak kirol, ostalaritza zein merkataritza guneen ordutegietan eta edukieretan neurri murriztaileak ezartzeko eskumena izango lukeela.
Labi batzordea gaur, ostirala, 16:30ean da biltzekoa, eta bilera horren ondoren jakinaraziko ditu Jaurlaritzak igande gauerditik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarriko dituen neurriak zein izango diren. Gainera, Urkullu lehendakariak adierazi du ez duela joko auzitegiek emandako ebazpenaren aurka. Arratsaldeko prentsaurrekoan emango du Urkulluk Jaurlaritzaren dekretuaren berri, baina okerrik ezean dekretua larunbatean argitaratuko dute aldizkari ofizialean, eta igande gauerdian sartuko da indarrean.