Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren inguruko txostena. Dokumentu horren arabera, Urola Kosta eskualdean apaltzera egin dute kasu positiboek. Eskualdean 23 positibo detektatu zituen Osasun Sailak atzo egindako probetan, herenegun baino hamabi kasu gutxiago. Horrekin batera, herri ia guztietako intzidentzia tasak behera egin du azken 24 orduetan.
23 kasuak Zarautzen, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian atzeman dituzte. Zarautzen zortzi positibo hauteman dituzte, eta 903,76ko intzidentzia tasa dute han, atzo baino 30 puntu baxuagoa. Azkoitian, bestalde, zazpi kasu atzeman dituzte eta 909,62ko intzidentzia tasa du, atzo baino 42 puntu baxuagoa. Azpeitian eta Zumaian launa kasu zenbatu dituzte. Azpeitian egoera hobera egiten ari da azken egunetan; izan ere, 473,06ko intzidentzia tasa dute –atzo baino sei puntu baxuagoa–, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztien artean baxuena. Zumaian, berriz, bestelakoa da egoera. Eskualdeko herri handienen artean intzidentzia tasa altuena dute han, 946,37ko zenbatekoarekin –41 puntu egin du behera atzotik–.
Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten kasu positiborik atzeman atzo. Intzidentzia tasa altuetan jarraitzen dute, halere, herri guztiek. Aian 1.007,56koa da intzidentzia tasa, Aizarnazabalen 1.300,39koa, Errezilen 1.127,21ekoa, Getarian 459,36koa, Orion 538,16koa eta Zestoan 513,61ekoa. Beizaman, aldiz, intzidentzia tasa zeroan dute.
Positiboak, kopuru altuetan
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak emandako informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian 809 kasu positibo baieztatu zituzten atzo 13.965 PCR eta antigeno proba egin ondoren. Lurraldeka, 66 kasu detektatu zituzten Araban, 358 Bizkaian, 237 Gipuzkoan eta 136 Nafarroan. Positibotasun tasa, berriz, %5,8koa izan zen atzo Hego Euskal Herrian.
Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen erietxeetan. Egun 425 pertsona daude ospitaleratuta, eta 183 lagunek zainketa berezia behar dute. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa edo R0 indizea, aldiz, 0,87koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.