Bertsozale elkartearen ekimenez sortutako Gerturatu Eta Lau egitasmoaren saioetako bat Zarautzen izango da; hilaren 25ean, hain zuzen ere. Elkarteak iragarri duenez, "bertsotan aritzeko eta kantatu eta entzundakoaz gogoeta egiteko" izango da saioa. "Bertsolaritzari beste leku batzuetatik ere erreparatu eta aurrera begira lantzeko ildo berriak aurkitzeko. Beti ere, jolasa ardatzean jarriz eta oholtzako eta oholtzapeko harremanek eskatzen duten mimoz", irakur daiteke elkartearen albistean.
Zarauzko saioa antolatu dituzten lauen artean azkena izango da, eta saio bakoitza gai baten bueltan egingo dute. Hauxe aukeratu dute Zarauzko saiorako: Gaur edozertarako libre. Oihana Bartra, Xabat Galletebeitia eta Amaia Iturriotz ariko dira kantuan, eta Maite Berriozabalek egingo ditu gai-jartzaile lanak. Saioa 18:30ean hasiko da, eta dagoeneko erreserbatu daiteke lekua hemen.
Informazio gehiago eskuragarri dago Bertsozale Elkartearen atarian.