Scape The Herria izeneko egitasmoa gauzatuko dute larunbat honetan, maiatzaren 8an, Zarautzen. Googaz mugienduak antolatutako ekimenarekin bat egin du udalak, eta "gazteengandik gazteentzat bertako merkataritza bultzatzea" du helburu. Udalak helarazitako oharraren arabera, parte hartzen duten gazte zarauztarrek "tokiko merkataritzaren egoera ezagutzeko eta bertara hurbiltzeko" aukera izango dute. Talde lanean aritu beharko dute gazteek jokoan, eta aurreratu dutenez, "tokiko merkataritza bultzatzeko konponbide berritzaileak" proposatu beharko dituzte. Hainbat helburu barnebiltzen ditu egitasmoak:
- Gazteek beren eginkizunak identifikatu eta garatzea, Zarauzko tokiko merkataritzaren erronken aurrean.
- Talentu gaztea bultzatzea, konpetentzien garapenaren bitartez.
- Gazteak lurraldeko erronketara hurbiltzea. Tokiko merkataritzaren egoerara, zehazki.
- Parte hartzaileek ekitaldian sortzen dituzten konponbideak tokiko merkataritzari bideratuko zaizkie.
18 eta 30 urte arteko gazteek eman dezakete izena, hiru laguneko taldeetan. Horretarako aukera dago googaz.eus atarian. Gaztelekuan izango du abiapuntua, 10:00etan hasiko da eta 20:00ak arte iraungo du. Zarautzen irabazten duen taldea Gipuzkoako Koparako sailkatuko da, eta fase hori irabazten duenak Europan zehar 10-15 eguneko bidiaia irabaziko du; lurralde bakoitzeko talde irabazle bat egongo da. Egoerak ahalbidetzen badu, uztailean izango da bidaia, eta horren helburua izango da "beste herrialde batzuetako tokiko merkataritza sektoreko praktika onak aztertzea". Bukaeran, behatutako joerak memoria batean islatu beharko dira, eta Zarauzko denda guztiei eskainiko dizkiete. Informazio gehiago eskuratu daiteke Gazteleura deituta (943-00 51 22) edo Googaz ekimenekoekin harremanetan jarrita: googazeuskadi@gmail.com.