208 positibo berri zenbatu dituzte Gipuzkoan azken ordutan

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 2a, 14:43

691 positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian, bezperan eta astebete lehenago baino koska bat gutxiago. Hala ere, %7,2koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,7koa Nafarroan.

Jaiegunetan ohikoa dutenez, astegunetan baino COVID-19a atzemateko proba gutxiago egin zituzten atzo Osakidetzat eta Osasunbideak. Guztira, 9.964 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta 691 positibo zenbatu zituzten denera, bezperan baino 238 gutxiago –4.283 proba gutxiago eginda–, eta astebete lehenago baino 137 gutxiago. Araban 75 positibo, Bizkaian 298, Gipuzkoan 208 eta Nafarroan 106 atzeman dituzte azken orduetan.

Positiboen kopuruan beheranzko joera mantendu arren, positibotasun tasak goraka egin du atzoko datuen argitara, bai Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%6,8tik %7,2ra), bai Nafarroan (%5,5etik %5,7ra).

Ospitaleetako egoera ere datu baikorragoak ari da uzten azken egunotan, lasaigarriak izatetik oso urrun dauden arren. Atzo, 59 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19a dela-eta Osakidetzaren sareko erietxeetan, bezperan baino 36 gutxiago, beraz; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan ez da gaixo berririk sartu azken bi egunetan; 189 pertsona daude uneotan hiru lurralde horietako zaintza intentsiboen unitateetan. Nafarroan ere beherantz doa ospitaleratuen kopurua; atzo bost lagun ingresatu zituzten, eta batere ez ZIUetan; Nafarroan 37 gaixo zeuden atzo ZIUetan, bezperan baino hiru gutxiago. COVID-19ak eragindako beste heriotza bat izan zen, ordea, atzo Nafarroan.

Bihar jakinaraziko ditu Osakidetzak asteburu osoko herriz herriko datuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide