Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman ditu atzo zenbatutako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Zarautzi dagokionez, ez da alde nabarmenik egon egun batetik bestera. Osasun Sailak hamasei positibo zenbatu zituen atzo, herenegun baino lau gutxiago. Astebetean 135 izan dira zenbatutako kasuak, aurreko astean baino 32 gutxiago. Oro har, datuek pixkanaka apaltzera egin badute ere, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak gora egin du azken egunetan: 1.195,01ekoa tasa zuen Zarautzek duela astebete; 1.293,53koa da orain.
Urola Kostan, guztira, herenegun 56 positibo zenbatu zituzten, eta atzo 51. Hala, eremu gorrian jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek, Beizamak eta Errezilek izan ezik.
Azkoitian, esaterako, beste hamar positibo kontatu dituzte azken orduetan, bezperan baino bat gutxiago, eta 1.000ko langatik gora dago oraindik, 1.068,18ko intzidentzia tasarekin. Orion ere azken egunetako datu txarrena izan dute azken orduetan, zazpi positibo berri zenbatuta. 962,17ekoa da intzidentzia tasa han gaur-gaurkoz. 1.293,53ean dago intzidentzia tasa eskualdeko herri handienean. Zumaian ere positibo asko zenbatu da beste behin: bederatzi. Hala, 1.302,53ean dago intzidentzia tasa kostako herri horretan.
Azpeitian lasaiagoa da egoera, azken bi egunetan launa kasu zenbatu dituztelako, eta 500eko langa zertxobait pasata dago herria gaur-gaurkoz: 519,05ekoa da intzidentzia tasa.
Herrri txikiei dagokienez, bezperan sei kasu eduki ondoren, atzokoan Aian ez zuten positiborik zenbatu, baina 1.712,85ekoa da intzidentzia tasa gaur-gaurkoz eskualdeko herri horretan. Aizarnazabalen, bezperan bezala, positibo bat zenbatu zuten atzo, eta 1.560,47ekoa da intzidentzia tasa. Zestoan hiruna kasu izan dira azken bi egunetan, eta 500eko langatik gora jarraitzen dute han, 642,01ko tasarekin, baina aurreko bi herrietan baino hobeto zentzu horretan. Getarian, azkenik, positibo bana egon da azken bi egunetan, baina intzidentzia tasak oso altu jarraitzen du han ere, 1.024,73ean.
Beizaman eta Errezilen zaharrak berri, zorionez; positiborik atzeman gabe jarraitzen dute eta hutsean dago intzidentzia tasa.
892 positibo Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 144 positibo zenbatu zituzten atzo Nafarroan, 83 Araban, 368 Bizkaian, 349 Gipuzkoan eta 8 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Guztira 13.601 test diagnostiko egin zituzten atzo, eta 892 pertsonek eman zuten positibo. Hala, %5,6ko positibotasuna dute gaur-gaurkoz Nafarroan eta %7,3koa, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Bezperako datuekin alderatuta, hobera egin dute zenbakiek: 14.800 proba egin zituzten herenegun Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.067k positibo eman zuten.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 96 pertsona ospitaleratu ziren atzo Osakidetzaren erietxeetan–bezperan baino gehiago, 83 izan baitziren orduan– eta COVID-19a duten 189 pertsona ZIUn daude. Orain astebete, esaterako, 173 pertsona zeuden ZIUn ingresatuta.