Beste hamabost kasu positibo atzeman dituzte Zarautzen

Ihintza Elustondo 2021ko api. 22a, 13:23

Egoerak larria izaten jarraitzen du, baina behera egin du apur bat intzidentzia tasak. Hego Euskal Herriko positibotasun tasak, berriz, gora egin du: %8koa da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, herenegun baino dezente positibo gutxiago zenbatu zituzten atzo Urola Kostan: hain zuzen ere, 53 kasu baieztatu zituzten atzo, bezperan baino 25 gutxiago. Beste behin ere Zarautz izan da positibo berri gehien zenbatu dituzten eskualdeko herria. Hamabost izan ziren atzokoan. Dena den, azken egunetako joerari erreparatuta, zertxobait behera egin du kopuruak. Horrenbestez, intzidentzia tasak ere behera egin du apur bat: herenegun 1.223,09koa zen, eta gaur-gaurkoz 1.173,6koa da.

Zarautzen ostean, Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien: hamabi, zehazki. Intzidentzia tasak ere gora egin du herri horretan: 1.410,33koa da egun, eta bezperan 1.385,3koa. Aipatzekoa da Getariaren egoera ere: atzo lau positibo baieztatu zituzten han, eta 1.590,11ko intzidentzia tasa dute. Aian dute eskualde osoko intzidentzia tasarik altuena: bi positibo berri baieztatuta, 1.813,6ko tasa dute.

Zumaian zortzi positibo atzeman zituzten atzo, eta intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du: 1.190,6koa. Orion beste bost kasu baieztatu zituzten atzo, eta han ere milako langa gainditzen du intzidentzia tasak: 1.174,17koa da gaur-gaurkoz. Azpeitia da 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena duena: bost positibo baieztatu zituzten atzo han, eta 571,62ko intzidentzia tasa dute. Zestoan kasu bat zenbatu zuten atzo, eta 642,01eko intzidentzia tasa dute. Aizarnazabalen kasu bat atzeman zuten atzo; 390,12koa da hango intzidentzia tasa.

Bestalde, Errezilen eta Beizaman ez dute positiborik atzeman azken orduetan. Errezilen 322,06ko intzidentzia tasa dute egun, eta Beizaman 0 da zifra hori.

Hego Euskal Herrian 1.195 kasu

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.195 positibo zenbatu zituzten atzo: Araban 99, Bizkaian 465, Gipuzkoan 443, Nafarroan 182 eta sei beste lurralde batzuetan. Guztira, 14.893 proba egin zituzten lau lurralde horietan, eta %8k eman zuten positibo.

Erietxeetako egoerari dagokionez, 94 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren zentroetan. Guztira, COVID-19a duten 549 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale publikoetan, eta horietatik 165 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. Azken egunetako kopururik altuena da ZIUetan dauden gaixoena. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide