Osteointegrazioa Per-Ingvar Brånemark dentista suediarrak asmatu zuenean, hortz inplanteen munduak izugarri aurreratu zuen, eta gaur egun, ahoko zaintzari dagokionez, herritarren ongizatean eragin nabarmena dauka. Larrañaga Hortz Klinikako Juan Carlos Larrañagak azaldu du zertan datzan osteointegrazioa: “Titanioak benetan bat egiten du hezurrarekin. Izan ere, hariztatzen edo enroskatzen den torloju formako inplante bat ez da benetan hariztatzen hezurrean. Bai, hariztatzen da, baina gakoa ez da hori; gakoa da benetan bat egitea hezurrak eta titaniozko inplanteak. Branemarkek asmatu zuen, eta sekulako aurrerapena izan da inplantologian”.
Inplanteak ere zaindu egin behar direla nabarmendu du Larrañagak, baina egunero hortzak garbituz gero, emaitza zoragarria dela azpimarratu du. “Inplanteak ez dira akatsgabeak. Pertsona batek erre egiten badu, edan egiten badu... inplanteak ere izorratu egiten dira, pertsona horren aurreko hortzei gertatu zaien moduan. Zaindu egin behar dira; baina, zainduz gero, emaitza itzela da”.
Larrañaga Hortz Klinikan espezialistak dira inplanteetan, eta Larrañagak dauden aukeretako batzuk azaldu ditu. “Inplanteek balio dute falta diren hortz piezak ordezkatzeko, eta hala, pieza bakarra jar daiteke, edo bat baino gehiago. Egin daiteke inplante bat, koroa bat (ikusten den hortza zatia) jarriz pieza bat ordezkatzeko, edo bi inplante eta hiru koroa, falta diren bi pieza ordezkatzeko”.

Arku edo arcada osoa ere egin daiteke, hortzetik hortzera, edo zubi bidez. “Estruktura osoa egitea ere badago, eta modu askotara egin daiteke. Ahoaren arku osoa egiteko, behean gutxienez bi inplante jarri behar dira eta goian gutxienez lau, eta horien gainean hortzordeak jarri, guk deitzen dioguna gainhortzeria; aiton-amonen hortzordeak bezalakoak dira, baina hortzeria horrek eme bat du, eta inplanteek ar bat, eta hala, bikain lotzen dira eta ez da mugitzen hortzordea”.
Torlojuekin finkatzen den arkua ere egin daitekeela azpimarratu du Larrañagak; “hori ezin du norberak kendu, soilik dentistak ken dezake. Jateko oso atsegina da, baita estetika aldetik eta ongizateari begira ere, bai fisikoa, bai psikologikoa”.
Inplanteak garestiak izaten dira, eta horregatik, Larrañaga Hortz Klinikak erraztasun guztiak eskaintzen ditu ordainketa egiteko. Finantzazioa Caja Ruralekin egiten du, eta hala, 60 hilabetera arteko epean egin daiteke ordainketa. Inplante bat, koroarekin eta finantzaketarekin, hilean 26 euro kostako litzateke 60 hilabetetan.
Gainera, Larrañaga Hortz Klinikak sei hilabetero egiten die jarraipena pazienteei, eta kontroleko erradiografiak ere egiten dituzte.