Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du azken 24 orduetan koronabirusak izan duen bilakaeraren inguruko txostena. Urola Kosta eskualdean behera egin du azken 24 orduetan atzemandako kasu positiboen kopuruak. Herenegun egindako testetan 78 positibo hauteman zituzten, eta atzo egindako probetan bederatzi gutxiago zenbatu zituzten, 69 guztira.
Zarautzen atzeman dute kasu positibo gehien: 15 kasu. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, gainera, gora egiten jarraitzen du han, eta dagoeneko 770,98ra iritsi da. Azkoitian zenbatu dituzte Zarautzen ondoren kasu gehien. Guztira hamalau positibo detektatu dituzte han eta intzidentzia tasak gora egin du berriz ere; 1.118,25ekoa da gaur-gaurkoz. Zumaian, berriz, hamabi positibo baieztatu dituzte eta intzidentzia tasa 600eko langara iritsi da –600,39 hain zuzen ere–.
Hamar kasu positiboren azpitik atzeman dituzte Azpeitian eta Getarian, bietan bederatzina kasu positibo. Azpeitian 387,65ekoa da intzidentzia tasa eta gero eta gertuago du eremu gorria. Getarian, aldiz, gora egiten jarraitzen du kasu metatuen tasak ; 1.236,75eko zenbatekoarekin, eskualdeko intzidentzia tasa handiena du Getariak. Zestoan, bestalde, lau kasu positibo hauteman dituzte azken 24 orduetan, eta eremu gorrian sartu da 410,89ko tasarekin. Aian eta Orion, berriz, hiruna kasu positibo baieztatu dituzte; 755,67koa da intzidentzia tasa Aian, eta 782,78koa Orion. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, ostera, ez dute kasu positiborik zenbatu.
Milako langatik gora
Hego Euskal Herrian 1.129 kasu positibo detektatu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak. 10.808 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 940 positibo hautemanda, positibotasun tasa %8,7koa izan zen. Nafarroan, berriz, 2.554 PCR eta antigeno test egin zituzten atzo, eta positibotasun tasa %7,4koa izan zen. Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien atzo: 426 guztira; Gipuzkoan 397 kasu zenbatu zituzten, 189 Nafarroan eta 110 Araban. Hala eta guztiz ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren zazpi lagunen positiboen berri ere eman du Jaurlaritzak.
Ospitaleen egoera dela eta, Osasun Sailak jakinarazi du “COVID-19aren ondorioz” 73 pertsona ospitaleratu zituztela atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz “COVID-19a duten” 128 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn. 442 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeren batean ospitaleratuta. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizearen batez bestekoa, berriz, 1,16koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gipuzkoakoa zenbateko hori baino altuagoa da; izan ere, 1,23koa da indizea.