Dietsana: hezkuntzan dago gakoa

Zarauzko Hitza 2021eko apirilaren 19a

Ana Arizagak betidanik izan ditu gustuko elikadura eta osasuna. Jendeari lagundu nahi dio hobeto sentitzen eta itxura hobetzen baina, batez ere, endekapenezko gaixotasunak prebenitzen lagundu nahi du. Alor horiek guztiak bildu ditu Dietsana proiektuan. Orain, gainera, Zarautzen kontsulta presentzialak eta online bidezkoak eskaintzen ditu.

Beti interesatu izan zaio Ana Arizagari janaria eta horrek osasunean duen eragina. Horregatik, Giza Elikadura eta Dietetika ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. 2001 urteaz geroztik ari da lanean; kontsulta propioa edukitzeaz gain, Casa Santiverin elikagai naturalei eta sendabelarrei buruzko ezagutza handitu zuen. Ondoren, Arkochim laboratorioan lan egin zuen dietista gisa, eta sendabelarretan espezializatu zen farmazietan eta parafarmazietan. Gainera, hainbat hitzaldi eskaini ditu. Beraz, esperientzia zabala du.

Gainera, orain zortzi urte Txinara joan zen familiarekin, eta esperientzia horrek aukera eman zion ekialdeko eta mendebaldeko herrialdeetako elikaduraz, gehiegizko pisuaz eta bizimoduaz ikuspegi zabal eta sakonagoa eskuratzeko. Horrekin guztiarekin, Dietsana proiektua jarri zuen abian, eta Smoothies y zumos detox (Smoothie-ak eta detox zukuak) liburu elektronikoa sortu zuen.

Txinatik itzulita, Zarautzen zabaldu du kontsulta, eta sesio presentzialak eta online bidezkoak eskaintzen ditu bertan. “Helburua da pertsonei laguntzea nire ezagutzekin eta lanarekin, eta egoki elikatzeak gure egunerokotasunean duen garrantziaz jabetzea eta erakustea”, azpimarratu du Arizagak. Elikadura atentzioa, ongizate pertsonala lortzeko.

Nutrizio zerbitzu pertsonalizatuak

Gehiegizko pisuaren eta obesitatearen tratamendu dietetikoan aditua den arren, Arizagak ohiturak aldatzen laguntzeko tresnak emango dizkizu, janariarekin harreman osasuntsuagoa izateko. “Pisua galtzen joango zara gosea pasa gabe eta osasuna arriskuan jarri gabe, dieta osasuntsu baten bidez”, azaldu du.

                                                             

Gainera, pertsonaren beharretara eta nahietara egokitutako arreta eskaintzen du Arizagak. Aurrez aurreko kontsulta nahi dutenentzat Zarautzen du bulegoa, Orape kalean. Hala ere, eta egungo osasun krisiak eragindako egoera bereziengatik, online bidezko kontsultak ere eskaintzen ditu. “Gaur egun, badaude etxetik lanean ari direnak, edota konfinatuta dauden pertsonak. Horien egoerak kontuan hartu, eta telefonoz edo bideo dei bidez egiteko aukera eskaintzea ere garrantzitsua iruditzen zait. Horregatik, pertsona edo bezero bakoitzak nahiago duen kontsulta mota jaso dezake”, azaldu du Arizagak.

Lehenengo hitzorduan balorazioa egin ondoren, bigarrengoan materialaren eta elikadura jarraibideen entrega egiten du. Jarraibide horiekin batera, gustuko du menu aukera desberdinak ematea, hau da, errezetak. “Betiko janaritik irteteko modu bat da”, esan du.

Instagram oso aktiboa

Elikadura ohiturak aldatzeak duen garrantziaz jabetuta, erronkak antolatzen ditu bere Instagram kontuan. Hala, irabiatuak hartzea eta kirola egitea proposatzen die bere jarraitzaileei 21 egunez. Egon adi @diet_ana kontuari!

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide