Atzo Repsol etxeak gastronomia arloko sariak banatu zituen Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zen ekitaldian. Hirugarren urtez jarraian egin zen sari banaketa Donostian, eta aurtengo edizioak 180 gonbidatu elkartu zituen. Gure sukaldeak ez dira itzaltzen lelopean antolatu zuten aurtengo edizioa, izurritea dela-eta, jatetxeek azken hilabeteetan izan dituzten zailtasunei erreferentzia egin nahian.
Nobedadeen artean, Getariako Elkano jatetxea izan da hirugarren eguzkia jaso duen establezimenduetako bat; Elkanoko arduradun Aitor Arregirekin batera, Jordi Vilak (Alkimia jatetxea, Katalunia) eta Paco Perezek (Miramar jatetxea, Katalunia) ere jaso dute bereizgarri bera.
Repsol sarien zerrenda orokorrean, Espainiar estatuan 422 jatetxek dute eguzki bateko bereizgarria, 154k bikoa eta 42k hirukoa; aurrerantzean, Elkano izango da horietako bat. Gainerakoan, eskualdean badira lehendik Repsol eguzkia bat edo bi jasotakoak. Esaterako, Orioko Katxiña Upategiak, Zarauzko Gure Txokoak eta Kirkilla-Eneak, eta Zestoako Iraetak bana dute, eta Getariako Kaia-Kaipe jatetxeak, berriz, bi. Eguzkirik gabe, baina jatetxe gomendatuen artean, Getariako Elkano Txiki eta Iribar, Zarauzko Karlos Argiñano eta Zumaiako Bedua aipatzen ditu Repsolen gastronomia gidak.