Eusko Jaurlaritzak argitaratu ditu koronabirusaren bilakaera aztertzen duten asteburuko datuak, eta azken asteko joerari eutsiz, nabarmen egin dute gora kasuek Urola Kostan. Ostiraleko, larunbateko eta igandeko datuak aintzat hartuz gero, guztira, 136 positibo berri atzeman dituzte asteburuan eskualdean.
Azken hiru egunetan Zarautzen eta Azkoitian atzeman dituzte kasu gehien, 49na hain zuzen ere. Azkoitia, esaterako, eremu gorrian dago pasa den astearteaz geroztik, eta azken egunetako positiboak kontuan hartuta 917,97koa da intzidentzia tasa herri horretan. Zarautz ere gogor kolpatu du izurriteak eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da. Bertako intzidentzia tasak 400eko langa igaro zuen pasa den astean, eta gaur-gaurkoz 621,06koa da tasa herri horretan.
Eremu gorrian dagoen hirugarren herria Orio da. Asteburuan, bederatzi kasu berri atzeman dituzte eta 505,54koa da intzidentzia tasa kostako herrian. Hala, Zarautz, Azkoiti eta Orio itxita egongo dira bihartik, eta neurri murriztaile bereziak hartuko dituzte.
Zumaia eremu laranjan dago eta 400eko langara gerturatzen ari da; asteburuko zazpi positibo berrirekin, 376,51koa da intzidentzia tasa. Eremu horian dago Azpeitia, baina, hamazazpi positibo atzeman dituzte ostiraletik eta igandea bitartean herri horretan eta 262,81ekoa da intzidentzia tasa. Bestalde, lau positibo berri atzeman dituzte Getarian.
1.000 kasutik gora Hegoaldean
Hego Euskal Herriko datuei dagokienean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako 26.602 proba egin zituzten ostiraletik eta igandera bitartean, eta horietatik 2.270k eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien asteburuan (1.076), baina Gipuzkoan ere gora egin du kutsatu kopuruak, hiru egunetan 894 kasu berri baieztatu baitituzte; Araban, berriz, 289 izan dira. Nafarroako Gobernuak ez ditu eman datu eguneratuak, baina, ostiraleko eta larunbateko datuak kontuan hartuta, 515 kasu berri izan dituzte.
Erietxeetan ere gora egin du paziente kopuruak eta datuak ere kezkagarriak dira. Hala, asteburuan 212 lagun ospitaleratu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan eta atzo 115 lagun zeuden Zainketa Intentsiboen Unitatean. Nafarroan, bestalde, azken egunetan 31 lagun ospitaleratu dituzte (Nafarroak ez ditu eman igandeko datuak) eta horietatik sei ZIUn.