Altxorra, herritarren eskura

Amaia Urbieta Arruti 2021eko apirilaren 9a

Jaione Eskuderok Imanol Urbietaren argitaragabeko hiru abesti eskaini zituen. (Amaia Urbieta Arruti)

Imanol Urbietaren familiakoak, lagunak eta musikagintzan murgilduta dabiltzan hainbat zarauztar bertaratu ziren Modelo aretora atzo, Itziar Perez de Cirizaren azalpenak entzutera. Amaieran, Jaione Eskuderok Urbietaren argitaragabeko hiru abesti eskaini zituen. 

Musika, pedagogia eta euskara ardatz dituen altxor baliotsua utzi zion jendarteari Imanol Urbieta musikari zarauztarrak. 2.000 abestitik gora argitaratu zituen, gehien-gehienak haurrei zuzenduak. Zendu zenean haren familiak Zarauzko Udalari eman zizkion bere koaderno, partitura eta idazkiak, eta udalak beka deialdi bat egin zuen material horrekin guztiarekin proiektu bat osatu ahal izateko. 

Itziar Perez de Ciriza iruñearrari eman zion beka udalak, eta hilabete ugari lanean pasatu ostean, atzo aurkeztu zuen egindakoa jendaurrean musikaren pedagogian adituak. Urbietaren familiakoak, lagunak eta musikagintzan murgilduta dabiltzan hainbat zarauztar ezagun bertaratu ziren Modelo aretora atzo, Perez de Cirizaren azalpenak entzutera. Xehe-xehe azaldu zituen nafarrak egindako lanak. Lehenik, material horren guztiaren ezaugarriak identifikatu zituen. Azaldu zuen partitura gehienak eskuz idatziak zeudela, ahots bakarrerako eginak zirela eta sarri errepikatzen zirela gaiak abestien letretan: "askotan naturaz, animaliez edo aiton-amonez hitz egiten dute abestiek". Batetik, material hori guztia digitalizatu zuen, eta ulertzeko zailak ziren partiturak transkribatu eta horien MIDIa egin zuen. Bestetik, urteen, gaiaren, formatuaren eta beste hainbat iragazkiren arabera sailkatu zituen abestiak.

Behin koadernoetako kantu guztien sailkapena esku artean zeukanean, horietatik argitaragabeak zenbat ziren ikertu zuen. Lan nekeza izan zen, hainbat iturritara jo behar izan baitzuen Urbietaren sinadurapean argitaratutako guztia bildu ahal izateko. 

 
Iñurri-lan guztia burutu ostean, koaderno horietan argitaratu gabeko 1.000 abestitik gora zeudela jakin zuen Perez de Cirizak. Ikerketa lana amaitu du dagoeneko, partitura guztiak txukun eta erabilgarri daude, baina, harago joan nahi du iruñearrak. Material hori guztia bilatzaile baten bidez edonorentzat eskuragarri egotea gustatuko litzaioke, baita abesti horien revival proiektua egitea ere, Urbietaren lana egungo musikariek interpretatuta.
 
Modu iragankorrean bada ere, azken asmo hori bete zen atzo Modelon, hein batean. Manolo Urbietaren abesti asko eta asko abestu eta grabatu dituen Jaione Eskudero igo zen oholtzara, eta bertaratu zirenek argitaragabeko abesti horietatik guztietatik hiru entzuteko aukera izan zuten. 
 
Perez de Cirizak Urbietak utzitakoaren balioa azpimarratu zuen aurkezpenean behin eta berriro, eta berak gurasoengandik jaso zuen moduan, Urbietaren musika hurrengo belaunaldiei ematearen garrantzia azpimarratu zuen, katea eten ez zedin. Inork Urbietaren abestiekin egiteko proiekturen bat burutan badu, berarekin kontaktuan jartzeko gomita luzatu zien herritarrei musikaren pedagogian adituak, grina handiz baitihardu zarauztarraren musikarekin lanean, etorkizuneko irakasle eta haurrek hark utzitako ondareaz goza dezaten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide