Kristobal Kolon, Euskal Herrian jaioa

Iñaki Iturain - Karkara.eus 2021eko martxoaren 27a

Jose Mari Ertzilla Kolon Txikiren aurrean. (Iñigo Gaiton)

Jose Mari Ertzillak liburu bat idatzia du, bere ikerketaren berri ematen duena, oraingoz argitaratu gabea. Erreportaje honetara ekarri nahi izan ditugu Ertzillaren liburuko hipotesiaren alderdi esanguratsuenak, Kristobal Kolon Euskal Herrian jaio zela demostratzeko idatziak.

Jose Mari Ertzilla Orion jaioa da, tren geltoki ondoko Ertzillaneko etxean. Zarautzen bizi da aspaldi, mediku-dentista izan da ogibidez orain dela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte. Historia zalea da eta, azken urteotan, alor hori lantzen eman ditu bere denbora eta ahaleginak. Gai batek motibatu du aspaldi honetan: 1492an Ameriketara iritsi zen Kristobal Kolonen jatorriak, kontinente hura deskubritu zuen Mendebaldeko lehenengo nabigatzailearenak. Jose Mariren ustez, Kolon Ipar Euskal Herrian jaio zen 1446an. Ertzillak dioenez, Orio ere ezagutzen zuen Kristobalek, eta herriko etxe eta toki batzuen izenek horixe erakusten dute. Gai hori ikertzen dabil, eta hari asko lotu ditu bere hipotesia indartzeko.

Historialarien artean zalantza handiak izan dituzte beti Kolonen jatorria azaltzeko orduan. Badira diotenak Italiako Genovan jaio zela, baina badira esaten dutenak katalana, galiziarra, mallorcarra edo portugesa zela. Kolonen jaiotze lekuak misterioa izaten segitzen du.

Kolon, ezkutuko agote itsasgizona
Kristobal Kolon Baigorriko konderriko Ainza herrian jaio omen zen (gaur egun, Ainhize- Monjolose), 1446an, Colom etxean, Nafarroako Erresumako seigarren merindadean. Bernat Colom izeneko herritar bat agertzen da Ainhizeko 1413ko erroldan; seguru asko, Kristobalen aita.

Kolon kasta okzitaniar bateko ondorengoa da, Oztibarreko lurretara etorritako familia baten baitan jaioa, Frantziako hiru Donejakue bideek bat egiten duten eskualdean. Kristobal familia gaskoi apal bateko semea omen zen, ez zen noblea; eta ezkutatu egiten zuen bere jatorria, oro har Oztibarre eta Bearno inguruko biztanleek egin ohi zuten bezala, hangoak herejetzat eta agotetzat jotzen zituztelako, gutxietsitako eta baztertutako kasta bateko kide. Arrazoi horregatik Kolonen biogra an ez da batere garbi azaltzen haren jaiotzaren eta haurtzaroaren berri. Dena iluna da oso. Eta iluntasun eta zehaztasun falta horrek ekarri du Kolonen jatorria interpretazio askotarikoa izatea.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Karkara.eus

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide