Hemeretzi kasu positibo gehiago baieztatu dituzte Zarautzen azken egunetan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mar. 22a, 13:24

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak nabarmen egin du gora azken lau egunetan Zarautzen. Hego Euskal Herrian ere goranzkoa da joera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi du zenbat kasu positibo baieztatu dituzten udalerri bakoitzean aurreko ostegunetik atzora bitartean. Zarautzen, guztira, hemeretzi kasu atzeman dituzte azken lau egunetan (seina kasu osteguneko eta ostiraleko probetan, hiru larunbatekoetan eta lau atzokoetan). 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak gora egiten jarraitzen du herrian, eta 282,69koa da gaur-gaurkoz –herrikako azkeneko datuekin, asteazkenekoekin, 239,86koa zen tasa, beraz, nabarmen egin du gora–.

Eskualdeari erreparatuz gero, Zarauzko hemeretzi kasuez gain, beste hamabi atzeman dituzte azken ostegunaz geroztik gainontzeko herrietan. Azkoitian zenbatu dituzte horietatik lau; kasu bana osteguneko, ostiraleko, larunbateko eta atzoko probetan. Ostegunean argitara ateratako emaitzekin 83,45ekoa zen intzidentzia tasa Azkoitian, baina zenbatekoak gora egin du han ere azken lau egunetan erregistratutako datuekin, eta 100,14koa da une honetan.

Azpeitian, bestalde, hiru emaitza positibo izan dira ostegunetik atzora bitartean; bana ostegunean, ostiralean eta larunbatean, eta bat bera ere ez atzo. Kasu metatuen tasa 151,12koa da orain Azpeitian, eta Zarautzek eta Azkoitiak bezala, eremu horian jarraitzen du. Horiz margotuta dago Orio ere, hiru kasu baieztatu baitituzte azken lau egunetan –bana osteguneko, larunbateko eta atzoko probetan–, eta 146,77koa baita intzidentzia tasa. Dena den, behera egin du tasak azkeneko emaitzekin: 163,08koa zen aurreko asteazkeneko datuekin, eta 146,77koa da gaur egun.

Zestoan eta Zumaian kasu bana detektatu dute azken lau egunetan, larunbatean egindako probetan biak. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, ordea, ez da emaitza positiborik izan ostegunetik atzora bitartean.

1.781 kasu Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 395 kasu positibo detektatu dituzte atzo egindako probetan; 166 Bizkaian, 104 Gipuzkoan, 66 Nafarroan, 58 Araban eta bat beste lurralde batean bizi diren pertsonen artean. Positibotasun tasa gorantz doa Nafarroan eta %5,7koa izan da azken orduetan; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, %4,2koa izan da atzoko probetan –herenegungoetan %4,6koa izan zen–.

Ostegunetik igandera bitartean, orotara, 1.781 emaitza positibo izan dira Hego Euskal herrian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 228 pertsona daude Osakidetzaren erietxeetan ospitaleratuta, eta horietatik 90 daude ZIUn. Atzo 31 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide