Zortzi kasu positibo baieztatu dituzte Zarautzen azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko mar. 18a, 13:02

Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 205,59tik 239,86ra igo da. Osakidetzako erietxeen egoerak hobera egin duen arren, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasak altua izaten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusari buruzko datu eguneratuen txostena. Zarautzen zortzi emaitza positibo zenbatu dituzte atzo egindako probetan, eta gorantz doa 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa: 205,59tik 239,86ra igo da. Azken zazpi egunetan 38 kasu berri izan dira herrian.

Atzoko emaitzei erreparatuta, kasu positiboak bikoiztu egin dira Urola Kosta eskualdean: hamalau kasu positibo berri baieztatu dituzte. Zarauzko zortzi kasu berriez gain, azken orduetan bina kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian. Azkoitian intzidentzia tasak behera egin du, eta 83,45ekoa da orain. Azpeitian, berriz, behera egin du tasak eta 157,69koa da zenbatekoa. Zumaian ere gauza bera errepikatu da, eta intzidentzia tasa 183,17koa. Zarautzekin batera, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duten herriak dira Azpeitia eta Zumaia.

Eskualdeko beste herrietan atzoko probetan ez dute kasu positiborik atzeman. Zestoan intzidentzia tasak, ostera, behera egiten jarraitzen du, eta 256,81ekoa da zenbatekoa egun.

500 kasuren azpitik

Atzoko probetan, herenegungoetan baino kasu positibo gutxiago hauteman dituzte Hego Euskal Herrian. 500 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte; 479 guztira. 8.907 test egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 410 positibo detektatu dituzte. Positibotasun tasa %4,6an kokatu da hiru lurralde horietan. Lurraldeen arabera, atzoko probetan 82 kasu baieztatu dituzte Araban, 191 Bizkaian eta 133 Gipuzkoan; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau laguni ere positiboa detektatu diote. Nafarroan, aldiz, 1.788 PCR eta antigeno test egin zituzten atzokoan, eta 69 kasu positibo hauteman dituzte; positibotasun tasa %3,9koa izan da, beraz, Nafarroan.

Ospitaleen egoerak, bestalde, hobera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, Osakidetzako erietxeetan martxoko daturik baxuena izan dute ospitaleratuei dagokienean; guztira 210 herritar daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua ere martxoak orain arte eman duen baxuena izan da, 93 lagun baitaude ZIUn. Halere, oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak altua izaten jarraitzen du. Une honetan 1,10ekoa da zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta markatzaile horren arabera, COVID-19a duen pertsona batek lagun bat baino gehiago kutsatu dezake.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide