Urtebete daramate elkarte gastronomikoek ateak itxita, eta gaiaz hitz egin dute Javier Beracierto Itxasmendiko elkarteko presidenteak eta Jose Luis Cid Francisco de Zurbaran Extremadurarren Zarauzko Etxeko presidenteak. Beraciertok azaldu du auzotar batzuek bazutela ohitura egunero elkartean bildu eta mokadutxoa egiteko, eta orain herritar horiek ez dutela aukera hori. "Aste barruan ez zen izugarrizko mugimendurik egoten, baina ostiraletik igandera bitartean bai". Erabiltzaile horiek orain ez dute otorduak elkartean egiteko aukerarik, elkarteek ez baitute ateak zabaltzeko baimenik. Baimena edukiko balute ere, Beraciertok zalantzak ditu ekonomikoki errentagarria izango ote litzatekeen elkartea berriro martxan jartzea. "Edukiera erdia baino gutxiago izanda, eta dena berriro martxan jarri behar dela kontuan hartuta… denari buelta ematea kosta egiten da", dio Itxasmendiko elkarteko presidenteak.
Ciden esanetan, elkarte gastronomiko bat izatetik harago, Extremadurarren Etxeak "kultur etxe" eta "elkargune" gisa funtzionatu du azken urteetan, "jarduera ugari" antolatu baitituzte han. "Dramatikoa izan zen elkartea itxi behar izatea", ekarri du gogora. Uste du, gainera, konfinamendu orokorra indarrean sartu zenean "errazagoa" izan zela jendearentzat neurri horiek betetzea, "guztion kontua zelako". Udaren osteko hilabeteak, ordea, gehienei "aldapan gora egiten ari" zaizkiela nabarmendu du Cidek: "Sozializatzeko gogoa du jendeak". Hala, ezinegona kalean ere nabari duela adierazi du: "Egunero galdetzen dit norbaitek: zer, elkartearen irekiera noizko?".
Dena den, neurriak betetzearen ardurak kezkatzen ditu Cid nahiz Beracierto. "Hau elkarte gastronomikoa da, eta gu ez gara poliziak. Nork kontrolatzen du jendeak betetzen dituela arauak? Taberna batean bezala, higienea, aforoa, maskarak… arauak daude, eta hori kontrolatzea oso zaila da", esan du Beraciertok. Extremadurarren Etxeko presidenteak ere bere egin du kezka hori: "Elkarte batean denok gara berdinak, eta norbaitek arauak betetzen ez baditu, nola betearaziko ditugu? Gatazkak sortzeko aukera handia dela uste dut".
Momentuz zabaltzeko baimenik ez badute ere, Beraciertok jakin du duela bizpahiru aste hasi zirela Donostiako elkarte gastronomikoak zarata egiten eta udalari zabaltzeko baimena eskatzen. "Eneko Goia alkatearen erantzuna izan zen Labirekin hitz egin behar zuela, baina Labik nahiko garbi dauka elkarteetan kosta egingo litzatekeela arauak betetzea". Iritzi horrekin bat dator Itxasmendiko elkarteko presidentea. Hasieran "txukun-txukun" beteko liratekeela uste du, baina azkar lasaituko litzatekeela jendea. Horregatik guztiagatik, Beraciertoren iritzi pertsonala da une honetan ez dagoela behar larririk elkarteak berriro ere zabaltzeko. "Lehen auzoan ez zegoen tabernarik, baina orain badaude pare bat eta auzotarrak joaten dira hora, beraz, beharrik ez dut ikusten. Ni gauzak ahalik eta ondoen egitearen aldekoa naiz, istorio hau ahalik eta azkarren bukatu dadin".
Cidek ere uste du "neurri egokia" dela elkarte gastronomikoak itxita mantentzea, "min ematen digun arren". Azpimarratu du, gainera, Extremadurarren Etxearen kasuan, "55-65 urtetik gorakoak" direla bazkide asko, eta horrek areagotu egiten duela arriskua. Jakinarazi du, bestalde, itxiera hilabeteak baliatu dituztela elkartean hainbat egokitzapen egiteko eta "egunean batean iritsiko den normaltasunerako prestatzeko". "Digitalizazioari" dagokionez hainbat aldaketa egin dituzte, esaterako, erreserbak Internet bidez egin ahal izateko. Aireztatze sistemak edota espazioaren antolamendua ere ari dira egokitzen.