%5etik gertu kokatu da berriro positibotasun tasa

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 14a, 13:07

Atzokoekin alderatuta, okerrera egin dute gaur datuek. Nabarmen igo da positibotasun tasa, batez ere, Nafarroan. ZIUn dauden gaixoen kopurua ere igo egin da apur bat.

Argitaratu berri dituzte Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Nafarroako Osasunbideak COVID-19a atzemateko atzo egindako proba diagnostikoen emaitzak. Jakitera eman dutenez, denera, 7.251 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan –herenegun baino 2.739 gutxiago–, eta proba horietan 347 lagunek eman zuten positibo –herenegun baino 60 gutxiagok–. Lurraldeka, 41 kasu positibo atzeman zituzten Araban, 160 Bizkaian, 92 Gipuzkoan eta beste bi bi lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 52 kasu atzeman zituzten.

Hala, positibotasun tasa %4,9koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzoko datuei erreparatuz gero; herenegun baino puntu erdi handiagoa. Nafarroan ere igo egin da tasa: %4koa izan zen atzoko emaitzetan, eta %2,7koa zen atzo. 

Osakidetzak ospitaleetako datuak ere eman ditu, eta erakundearen arabera, atzo 42 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan. Gaur-gaurkoz, 97 lagun daude ZIUetan ospitaleratuta, herenegun baino bi gehiago. Osakidetzak asteburuetan ez ditu udalerrietako kasuak eta Ro indizea jakitera ematen. Bihar emango dute horien berri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide