Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak kaleratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Bederatzi kasu positibo detektatu dituzte Zarautzen, herenegun bezainbeste. Azken zazpi egunetan –martxoaren 5etik 11ra– gora egin du herrian atzemandako kasuen kopuruak, 33 izan baitira guztira, aurreko zazpi egunetan baino ia bost aldiz gehiago. Aurreko astean –otsailaren 26tik martxoaren 4ra–, hain zuzen, zazpi positibo baino ez zituzten detektatu.
100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa ere gorantz doa herrian, beraz: 98,51koa zen aurreko ostiralean, eta 171,33koa da une honetan.
Urola Kostan hamasei emaitza positibo izan dira atzoko probetan, duela astebete baino hamar gehiago. Dena den, batez ere Zarautzek markatu du alde hori. Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian ere egon dira emaitza positiboak. Hain zuzen, hiru kasu baieztatu dituzte Azkoitian, eta bina Azpeitian eta Zumaian. Zarautzek bezala, eremu horian jarraitzen dute hiru herri horiek ere: intzidentzia tasa 83,45ekoa da Azkoitian, 210,25ekoa Azpeitian eta 101,76koa Zumaian. Eskualdeko udalerrien artean, Azpeitiak dauka kasu metatuen tasarik altuena.
Orio da Urola Kostan horiz margotuta dagoen bosgarren herria, baina ez dute kasu berririk detektatu azken orduetan. Dena den, 130,46koa da hango intzidentzia tasa. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ere ez dute kasurik atzeman atzoko probetan.
COVID-19a atzemateko 9.198 proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Aurreko astean baino 54 emaitza positibo gehiago izan ziren atzokoan, alegia, 447. Bizkaian 196 kasu zenbatu zituzten, Gipuzkoan 138, Nafarroan 67, Araban 44 eta, beste lurralde batzuetan, bi. Atzoko probetan, beraz, positibotasun tasa %5,2koa izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, aldiz, %3,5ekoa.
Osakidetzako erietxeetan 230 lagun daude COVID-19ak jota, eta horietatik 41 atzo ospitaleratu zituzten. 95 dira Zainketa Intentsiboen Unitatean daudenak.