Bigarren urtez jarraian, Helvetia Seguros aseguru-etxea izango da Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolen Saileko babesle nagusia. "Akordio hau berritzea albiste ona da klubarentzat, Helvetia Seguros bezalako maila handiko babesle bat izaten jarraitzeak hazten eta gure kirolari ikusgarritasun handiagoa ematen lagunduko baitigu", adierazi du Esteban Collantes ZKEko presidenteak.
Gaur egun hamabost kirolari federatuk osatzen dute ZKEko taldea. Seniorren mailan aritzen dira horietatik hamahiru, eta infantilen mailan beste biak. Helvetiak azpimarratu du Zarauzkoa izan zela harri-jasotzaileen eskola bat sortu zuen aurreneko kluba, "prestakuntza fisikoa nahiz teknikoa" lantzeko.
Javier Garcia Helvetiako Marketin, Komunikazio eta Erantzukizun Korporatiboko zuzendariaren arabera, enpresarentzat "pozgarria da babesletza-akordio hau berritzea". "Gure konpainiak euskal kirol tradizionalen jarraipenarekin duen konpromisoa erakutsi du", esan du Garciak. Bestalde, gaineratu du "gero eta interes handiagoa" pizten dutela herri kirolek "zaletu ugariren artean".