Gaur bildu da Osasunaren lurralde arteko batzordea, San Jose zubian eta Aste Santuan Espainiako Estatuan indarrean izango diren neurrien inguruan hitz egiteko. Aurretik iragarri zuen modura, Espainiako Osasun Ministerioak hainbat proposamen egin dizkie autonomia erkidegoei, nagusiki, gehienez elkartu ahalko den pertsona kopuruari, etxeratze aginduari eta mugitzeko askatasunari lotuta.
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak eman du lurralde arteko batzordean gaur hitz egindakoen berri. Azaldu duenez, adostasuna lortu dute: Osasun Ministerioak mahai gainean jarritako neurriak onartu dituzte erkidego guztietako ordezkariek, Madrilgo erkidegokoek izan ezik.
Honakoak dira Osasunaren lurralde arteko batzordeak onartutako neurri nagusiak, San Jose Zubian (martxoaren 17tik 21era) eta Aste Santuan (martxoaren 26tik apirilaren 9ra) indarrean egongo liratekeenak erkidego guztietan, balear eta kanariar irletan kenduta:
- Bizikideak ez badira, gehienez lau pertsona bildu ahal izango dira espazio publiko itxietan, eta sei pertsona espazio publiko irekietan. Eremu pribatuei dagokienez, bizikideak diren pertsonak baino ezin izango dira elkartu.
- Etxeratze agindua, gehienez, 23:00etatik 06:00etara bitartean egongo da indarrean.
- Itxiera perimetrala ezarriko da erkidego guztietan, eta debekatuta egongo dira sarrera eta irteerak.