Atzo egindako PCR eta antigeno probetan hiru emaitza positibo izan dira Zarautzen, herenegun bezainbeste. Azken astean, orotara, hamabi kasu berri zenbatu dituzte herrian. 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak behera egin du etengabe hainbat egunez, baina orain, atzokoaren aldean, gora egin du berriz. Tasa 102,8koa da une honetan.
Positibo bakan batzuk soilik atzeman zituen atzokoan Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eskualdeko herri gehienetan. Sei izan ziren denera, eta horien erdiak atzeman zituzten Zarautzen.
Eskualdean zenbatutako beste hiru kasuak Aian, Azpeitian eta Orion atzeman dituzte. Aiaren kasuan, azken egunetan detektatutako lehen kasua izan zen atzokoa, beraz, 102,80tik 151,13ra igo da intzidentzia tasa herri horretan. Azpeitian mantendu egin da intzidentzia tasa eta, atzo bezala, 151,12koa da gaur. Orion, berriz, igo egin da apur bat: 130,46tik 146,77ra. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk zenbatu atzo, beraz, intzidentzia tasak behera edo mantentzera egin du herri horietan. Une honetan, Azkoitia da 5.000 biztanletik gorako herrietan intzidentzia tasarik baxuena daukan herria: 83,45.
Positibotasun tasa txikia
Atzokoan 10.362 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 384 positibo atzeman zituzten. Horietako 172 Bizkaian zenbatu zituzten, 101 Araban, 58 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere eman zuten positibo. Datuak onak dira, izan ere, %3,9koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,9koa Nafarroan.
Ospitaleetako egoerak ez du horren modu nabarmenean egiten hobera, baina apurka-apurka, apaltzen ari da koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 50 ospitaleratze berri egon ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 255 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan. Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionez, 113 pertsona daude bertan, atzo baino bost gutxiago