Behera egiten jarraitzen dute nabarmen Zarautzen egunez egun atzematen dituzten positibo berriek, baita intzidentzia tasak ere. Joera hori baieztatzen dute azken asteko datuek. Grafikoari erreparatuz gero, ikus daiteke gaur egun herriak duen intzidentzia tasa gertu dagoela abuztu erdialdeko kopurutik.
Urola Kosta eskualdeari dagokionez, joera orokorra beheranzkoa da hor ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sei kasu baieztatu zituen eskualdean, bezperan izandakoen erdia, hain zuzen. Baieztatutako kasuen erdiak, hiru, Zarautzen zenbatu zituzten atzo. Zazpi positibo izan dituzte eskualdeko herririk handienean zazpi eguneko epean. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa ehundik behera dute Zarautzen: 98,51.
Beste hiru kasuak Zestoan –bi– eta Azpeitian –bat– izan ziren atzo. Zestoako kasu metatuen tasa 616,33koa da, eskualdeko altuena; Azpeitian, aldiz, 223,39ko tasa dute gaur gaurkoz. Eskualdeko beste zortzi herrietan ez zen positiborik zenbatu atzo.
Hego Euskal Herriari dagokionez, atzoko bezperako kopuruak errepikatu ziren: 393 positibo izan ziren; 67 Araban, 163 Bizkaian, 88 Gipuzkoan eta 70 Nafarroan. Horiei beste lurralde batzuetako herritarren bost positiboak gehitu behar zaizkie.
Beste 56 ospitaleratu izan ziren atzo Osakidetzako erietxeetan (bezperan baino 11 gehiago), eta ZIUko unitateetan 118 lagun zeuden atzo, bezperan baino sei gutxiago.