Despentsa Nafarroako uztaz betetzeko sasoia

Zarauzko Hitza 2021eko martxoaren 5a

Martxoaren 24ra arte abian da Errigoraren udaberriko kanpaina, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura. Oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eska daitezke, eta herrian bertan jaso.

Bertakoa jan, ekonomian eragin eta gainera, euskara sustatu. Horiek dira Errigora egitasmoko saskia erosiz gero lagunduko dituzun helburuak. Izan ere, Nafarroa hegoaldeko jakiak erostean ordaindutako diru kopuruaren %25 bideratzen dute Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sendotzera 2013. urtetik.

Orain, udaberriko kanpaina jarri dute abian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura lelopean, eta oliba-olio birjina estra, arroza, pasta eta kontserbak eskatzeko epea zabaldu dute. Martxoaren 24ra arte iraungo du kanpainak, eta eskaerak Errigoraren webgunearen bidez zein telefonoz egin daitezke (errigora.eus webgunean edo 848 87 12 23 telefono zenbakian).

"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da: Nafarroa hegoaldeko produktuekin urte guztirako despentsa betetzea proposatzen dizugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta produktuok zure herrian jasotzeko aukera emanez", agertu dute Errigorako arduradunek.

Zrauzko eta eskualdeko guneak

Aurreko kanpainetan bezala, oraingoan ere Euskal Herri osoko ehunka herritan banatuko dira Errigora saski edo produktuak. Urola Kostan, esaterako, eskualdeko herri gehienetan egongo da banaketa punturen bat. Zarautzen eskerak Eguzkin eta Lakarin egin ahalko dira, eta banaketa, berriz, Ekolioren gunean egingo dira, eta Lakarin eskatzen dutenek dendan bertan jasoko dute. 

Azkoitian, eskaerak online eta telefonoz egin beharko dira, baina informazioa Hizkin, Lujanen eta AEKn aurkitu ahalko da. Banaketa, berriz, azoka plazako lokalean egingo dute, apirilaren 21ean, goizez eta arratsaldez; Azpeitian lau gune jarri dituzte: Elikagunea, Ikasberri Ikastola, Orkatz kultur elkartea eta Soreasuko Elkar-gunea; Getarian Artzape euskara elkartearen lokalean egingo da banaketa; Orion Orioko Herri Ikastolan jarri dute puntua; Zestoan Kultur Etxean; eta Zumaian, azkenik, Trukegunean eta Sura dendan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide