Uzta oparoa eman du beste urte batez baratze solidarioak

Amaia Urbieta Arruti 2021eko martxoaren 6a

2020a urte "berezi samarra" izan da baratze solidarioko boluntarioentzat ere, baina oztopoak oztopo, lan ederra egin dute beste urte batez. Caritasi eman ohi diote jasotako uzta, asteazkenetan banatzen dituzten janari saskiak bertako barazkiz hornitzeko.

2016an hasi ziren baratze solidarioa lantzen lehen aldiz, eta bost urte beranduago, martxa polita darama ekimenak. Prentsaurrekoa egin dute gaur baratzean lanean aritzen diren boluntarioek, Caritas elkarteko arduradunek eta Patxi Elola Lankidetza zinegotziak, 2020ko ekitaldia nola noan den azaltzeko. Elolak azaldu du 2018tik Caritas elkartearekin lankidetzan dihardutela; izan ere, baratzetik jasotako elikagaiak elkarteari ematen dizkiote, asteazkenero banatzen dituzten elikagai saskietan bertako barazki freskoak egon daitezen bermatu ahal izateko. Elolak azaldu du "gustura" dagoela udala ekimenak ematen duen emaitzarekin, eta aurrerantzean ere "laguntzen eta babesten" jarraitzeko asmoa agertu du.

Iñaki Oñatibia baratzeko boluntarioak eman du azken urtean izan dituzten gorabeheren berri. "Azken urte hau berezi samarra izan da. Alde batetik, COVIDagatik, laguntzaile gutxiago izan ditugu. Caritasen baimen berezi batekin aritu ginen lanean konfinamenduan, baina salaketak jarri zizkiguten. Lapurretak ere izan ditugu: salaketak jarri genituen, eta oraingoz ez dugu emaitzarik lortu". 

Azaldu du urte hasieran etorri ohi ziren lau boluntarioetatik bik utzi egin behar izan dutela zeregina, osasun zein pertsonal arazoengatik. Lanerako jende berria prest agertu dela ere gaineratu du, eta Caritasi eskatu diotela asteazkenetan janari bila joaten den jendearen artean, posible bada, laguntza bidaltzeko. Caritasetik heldutako laguntzaileen kopurua jaitsi egin da 2020an, baina, hala ere, txukun atera dute lana aurrera. 2020ak emandako uztaren zerrenda ere egin du Oñatibiak: "8.350 azelga, 576 kalabazin kilo, 316 kalabaza kilo, 122 tipula kilo, 136 aza, 89 azalore, 338 eskarola, 301 leka kilo, 3752 letxuga, 260 pepino kilo, 247 piper kilo, 2706 porru, 40 erremolatxa kilo eta 874 tomate kilo". Udalak 2.500 euroko partida bideratzen du baratze solidarioetara, eta Oñatibiak jakitera eman du diru hori hazietan, lantresnetan eta fitosanitarioetan erabiltzen dutela, besteak beste. Hainbat berrikuntza ere egin dituzte eremuan, esaterako, txabolaren ezkerreko aldea luzatzea, sarrerako atea berritzea eta negutegian tantaz tantako sistema jartzea.

Mantendu edo hedatu

2020ko uztaren balioa dirutan 15.200 eurokoa dela ere azaldu du Oñatibiak. Urtea joan eta urtea etorri, azkenaldian 15.000 euroren bueltako balioa duen uzta jaso ohi dutela ohartu dira boluntarioak. "Muga horretan gaude. Orain gure buruari galdetzen diogu hau mantendu beharko litzatekeen ala udalari beste lursail bat eskatu beharko geniokeen, boluntarioak baleude". Elola zinegotziak azaldu du Udal Gobernuak hausnartuko duela eskaeraz hala egitea erabakitzen badute, eta gaineratu du "etekin soziala" duen ekimena denez, "begi onez" egingo dutela lanketa.

Caritas elkarteko Gotzon Larrañagak azaldu du "behartsuenetan behartsuenei laguntzea" dela beraien helburua. "COVIDak sortutako krisiak larriagotu egin du behartsuenen egoera". Caritasera laguntza eske jotzen dutenetako askori elikagaiak ematen dizkiete asteazkenero-asteazkenero. "Oso janari poltsa egokia eskaintzen zaie, eta hor garrantzitsuak dira barazkiak. Hemen sortzen diren barazkiak lehen mailakoak dira". Asteazkenetan 60 poltsa prestatzen dituztela zehaztu du larrañagak, eta janari hori astero 120 laguni iristen zaiela. "Gu oso gustura gaude hemengo boluntarioek egiten duten lanarekin; guretzat oinarrizkoa da".

Parte hartzeko deia

Lau lagun joaten dira goizero-goizero Asti auzoko baratzera bertako lanak egitera 08:30 aldera, eta beste hiruk astean hiruzpalau aldiz laguntzen diete. Horretan aritzen diren gehienak jubilatuak dira, eta gustoz egiten dute baratzeko lana, giro ederrean. Deia egin diete herritarrei gaurko prentsaurrekoan, baratzean aritzera animatzeko. Horretarako gogotsu dagoenak baratzera bertara jo dezake edozein goizetan.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide