Bigarren egunez jarraian, Osasun Sailak ez du kasu berririk hauteman Zarautzen

Anartz Izagirre 2021ko mar. 4a, 13:15

Atzo egindako probetan ez zen emaitza positiborik izan Zarautzen. Beherantz jarraitzen du intzidentzia tasak, eta gero eta gertuago dago 100eko langatik. Hego Euskal Herrian %3,5ekoa da positibotasun tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Bigarren egunez jarraian, atzokoan ez zuten kasu positiborik hauteman Zarautzen. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak behera egiten jarraitzen du, eta 102,8koa da une honetan. Zarautz, hortaz, gero eta gertuago dago eremu berdetik.

Eskualdean, dena den, igoera izan da kasu positiboen kopuruan. Kasurik gehien Azpeitian zenbatu zituzten atzo; lau positibo, hain zuzen. Hori dela eta, intzidentzia tasak apur bat gora egin du, eta 216,82koa da gaur-gaurkoz.

Horrez gain, Azkoitian eta Getarian ere hiruna kasu zenbatu zituzten. Azkoitiaren kasuan, azken egunetako joera eten egin da, eta intzidentzia tasak baxua izaten jarraitzen duen arren, 91,80ra igo da. Getarian, berriz, lau egun pasatu ziren kasu berririk atzematen ez zutenetik, baina atzo zenbatutako hiru kasurekin 318,02ra igo da intzidentzia tasa.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da aldaketa handirik izan. Orion eta Zestoan kasu bana zenbatu dute, eta 179,39ko eta 590,65eko intzidentzia tasa dute hurrenez hurren. Halere, Zestoa da oraindik ere eskualdeko tasarik altuena duen herria. Bestalde, Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zumaian atzo ez zuten positiborik hauteman. Zumaiaren kasuan, Zarautzen bezala, intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du —111,94koa da Zumaian—.

Hego Euskal Herrian, 393 positibo

Hego Euskal Herrian, guztira, 11.170 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak zein Osasunbideak, eta horietatik 393 pertsonak eman zuten positibo. Kasurik gehien Bizkaian atzeman zituzten (216), ondoren Gipuzkoan (78), Nafarroan (62) eta Araban (33). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren lau herritarrek ere eman zuten positibo. Bestalde, positibotasun tasa %3,5ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zein Nafarroan.

Ospitaleratzeei dagokienez, Osakidetzako erietxeetan, guztira, 262 pertsona daude COVID-19agatik ospitaleratuta, atzo baino bost gutxiago; ZIUn dauden herritarrak, berriz, 124 dira, atzo baino bi gutxiago. Osasunbideak ez du ospitaleratzeen berri eman.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide