Gasezko herri hau

Mikel Elorza/Berria 2021eko martxoaren 3a

Mikel Elorzaren Gasezko herri hau artikulua argitaratu du gaur Berria egunkariak. Abokatu zarauztarrak hizpide izan ditu, besteak beste, "frankismoaren gas zikinak", polizia-etxeetan tortura bidez eragindako itolarriak, nahiz telebistako "ergel gasak".

Ingelesezkoa darama izen ofiziala —ez nuen bertzerik espero— Basque Hydrogen Corridor-ek, BH2C (banku bat ematen du, ez?), energia-industriaren alorrean urrats bat aurrerago kokatuko gaituen proiektuak, oso onuragarria omen denak. Arantzazuren revival-a bailitzan, H-aren aldeko apustua egin du orain ere harrizko herri honek. Nolanahi den, esango nuke hidrogenoa baino oxigenoa dela jendeak une hauetan behar duena, jende batek bederen, some people-k, aire pixka bat itoalditik ateratzeko. Ez musukoak eragindako itoaldia, muturrekoak baizik. Pandemiak emandako muturrekoak. Krisi ekonomikoak, eta baita existentzialak ere, arimen urek ere ito egiten baitute.

Bidasokoa omen zenak bezala. Itoak urazaleratu dira egunotan. Muturrekoak ere jaso zituen honek, Mikel Zabalzak, eta beste zenbait itoaldi. Ez zuen urak ito, hala ere. Poltsarena egiten ari zitzaizkiola joan omen zitzaien. Euskaltzaindiaren Hiztegian baditu esanahi desberdinak poltsa hitzak, hiruzpalau, Espainiako Academia de la Lenguakoan hemezortzi, eta esapide zenbait, baina ez bat ez bestea ez dira itotzeaz mintzo. Ziegetatik hiztegietara ez da iritsi, baina ez etsi. Espainiako Akademiaren hiztegian badator «la bañera»: «Tortura que consiste en mantener a alguien mucho tiempo bajo el agua sin llegar a ahogarlo». Hori bai, hiztegian poltsa hitzaren adiera berria sartzen dutenerako sin llegar a ahogarlo hori matizatu egin beharko dute, gehienetan edo holako zerbait erantsiz. Gehienetan, edo ia beti; izan ere, egia osoaren aitortzera, poltsa egin zaiela hildakoak oso gutxi dira, portzentaiari erreparatuta. Hainbesteri egin izan zaio!

Gertatu zen aroan, eta urte batzuk lehenago orain efemeridea gogorarazi diguten O-23ko garaian, arazo handia ei zen gorputz polizialak eta armada araztu gabe zeudela, aurreko erregimeneko elementuek oraindik habitatzen zituztela gorputzok, birus itogarri bat bailiran, frankismoaren gas zikinekin kutsatuz odolak, demokraziaren oxigenoa sartzen utzi gabe.

Artikulua osorik irakurtzeko, sartu hemen

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide