Martxoaren 8aren harira, aurten ere hainbat ekimen antolatu dituzte Zarauzko Parekidetasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak. Ostiral honetan, martxoak 5, izango dute aurreneko hitzordua: Emakume Zientzialarien Basoa izendatuko dute Zingira basoa, eta horren adierazle modura, plaka bat jarriko dute han. Torre Luzea parkeko eta Belauntzaran plazako lorategietan ere ipiniko ditu hainbat txartel eta irudi udalak, "emakume zientzialarien lana eta ekarpenak ikusarazteko eta aitortzeko".
Martxoaren 8an, aldiz, bi ekimen izango dira. Torre Luzean erakusketa bat inauguratuko dute lehenengo, 18:00etan. Emakumeen Nazioarteko Egunari begira kartel lehiaketa bat jarri zuen martxan udalak, eta lehiaketa horretara aurkeztu ziren lan guztiekin osatu dute bilduma. Martxoaren 14ra arte egongo da ikusgai Torre Luzean, eta 18:00etatik 20:00etara bitartean izango da bertaratzeko aukera.
Bestetik, The Glorias filma emango dute Martxoaren 8an. Modelo aretoan izango da emanaldia, 19:00etan. Udalak azaldu duenez, "70eko hamarkadan mugimendu feministako lider izan zen Gloria Steinemen bizitza kontatzen du" ikus-entzunezkoak.
Ikuskizunak hurrengo egunetan
Parekidetasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak hiru ikuskizun prestatu dituzte hurrengo egunetarako. Lehenik, 35 huts antzezlana eskainiko dute Modelon martxoaren 12an. Esti Curielek, Miren Gojenolak eta Aitziber Garmendiak sortu dute lana, eta hainbat "gai sakon" lantzen dituzte "umorearen bidez"; hala nola, "familien oinordetza emozionalak", amatasuna eta heriotza. Martxoaren 18an, berriz, No es país para negras antzezlana ikusteko aukera izango da Modelon. "Komedia dramatikoa" da, baina "bizi garen gizarte arrazistaz gogoeta egitera behartzen" duena, udalaren esanetan. 19:00etan izango dira bi ikuskizunak, eta Modeloko txarteldegian edo Kutxabanken online atarian erosi ahal izango dira sarrerak.
Martxoaren 31n Por ser mujer dokumentala emango dute Modelon, 19:00etan, eta doakoa izango da sarrera. Frankismo garaian mugimendu feministan aritu ziren bi emakumeren testigantzak jasotzen ditu lan horrek, hain zuzen, Julia Leon abeslariarena eta Luisa Postigo irakaslearena. Modelon izango da Leon, eta hitza hartuko du taula gainean. Zenbait kantu abestuko ditu, gainera.
Banderolak eskuragai
Parekidetasun Sailak, bestalde, dei egin du Martxoaren 8ko banderola moreak balkoietan jartzera. Jakinarazi du, aurreko urteetan, 3.000 banderola banatu dituela guztira. Aurten ere oihala eskuratu ahalko dute nahi dutenek, Emakumeen* Etxera bertaratuta.