Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno probetako emaitzak. Zarautzen bi kasu berri atzeman dituzte, asteburu osoan bezainbeste. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak, ordea, behera egin du: 145,63koa zen atzo eta 128,5ekoa da gaur-gaurkoz.
Urola Kostan, orotara, zortzi kasu positibo detektatu dituzte atzoko probetan, duela astebete baino bi gehiago. Zarauzko bi kasuez gain, Azpeitian lau lagunek eman dute positibo eta banak Zestoan eta Zumaian.
Azpeitian lau emaitza positibo izan ziren herenegungo probetan ere, eta azkeneko datuak kontuan hartuta, gora egiten jarraitzen du intzidentzia tasak: 164,26koa zen ostiralean, 183,97koa atzo, eta 210,25ekoa gaur. Zumaian berdin mantendu da kasu metatuen tasa, eta atzo bezala, 183,17koa da une honetan.
Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion ez zen kasu berririk izan atzo. Dena den, eremu horia izaten jarraitzen dute eskualdeko bost udalerrik: Azkoitiak, Azpeitiak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak.
425 kasu Hego Euskal Herrian
Atzo, astelehena, COVID-19a atzemateko 10.268 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian. Emaitzetan 190 positibo berri detektatu dituzte Bizkaian, 110 Gipuzkoan, 62 Araban, lau beste lurralde batzuetan eta 59 Nafarroan; alegia, 425 guztira. Positibotasun tasari dagokionez, %4,3koa izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %3,4koa Nafarroan. Behera egin du, beraz, positibotasun tasak: herenegungo emaitzetan %4,7koa izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %5,4koa Nafarroan.
Une honetan 121 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan. Atzokoan 36 pertsona ospitaleratu zituzten, eta guztira, 268 lagun daude Osakidetzako erietxeetan.