Ugazi Manterola deitu dute berriz Espainiako selekziora

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 2a

Ugazi Manterola, ezkerretan. (Euskal Eskubaloi Federazioa)

Martxoan Madrilen kontzentratuko dira Pablo Perea hautatzaileak deitu dituen hemezortzi jokalariak. Tartean da, beste behin, Ugazi Manterola zarauztarra. Jubenilen mailan aritzen da.

Jubenil mailako emakumezkoen Espainiako selekzioa Madrilen kontzentratuko da martxoaren 15etik 21era arte. Pablo Perea hautatzaileak hemezortzi jokalariz osatutako zerrenda jakinarazi du jada, eta oraingoan ere deitu du Ugazi Manterola zarauztarra. Espainiako selekzioak Camilo Jose Cela unibertsitatean egingo dituen entrenamendu saioetan izango da, beraz, Zarauzko jokalaria. Eskuin hegalean jokatzen du, eta aurreko urteetan ere deitu dute hainbat teknifikazio saiotarako.

Hautatzailearen arabera, jardunaldi horien helburua izango da "neskak nola dauden ikustea", "fisikoki nahiz jokoaren garapenari dagokionez". "Kontuan izan behar da autonomia erkidego bakoitzean desberdina dela kiroletako egoera eta, hortaz, baldintza desberdinetan helduko direla jokalariak", gaineratu du.

Manterolaz gain, badira Euskal Herritik Espainiako selekziora deituak izan diren eskubaloilari gehiago ere; hala nola, Etxebarriko Kukullaga elkarteko Ane Valero eta Paula Molano, eta Atarrabiako Beti Onak taldeko Lyndie Tchapchet.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide