Beste astelehen batez, protestara atera dira pentsiodunak

Amaia Urbieta Arruti 2021eko martxoaren 1a

(Utzitakoa)

Hiru urte darama astelehenero-astelehenero Lege Zaharren Enparantza aldarriz betetzen herriko pentsiodunen mugimenduak. Gaur, ohi bezala, eskaera zehatzak plazaratu dituzte. 

Pentsio duinak ezartzeko zein genero arrakalarekin amaitzeko aldarrikatu dute beste astelehen batez pentsionisten mugimenduko kideek. Azaldu dute "2020 amaierako datuen arabera", soldaten medianari erreparatuta, "genero arrakala %48koa" dela pentsioei dagokienean. "Emakume pentsiodunek gizonek baino 9.000-10.000 euro gutxiago kobratzen dugu urtean", zioen amaieran irakurri duten testuak. 

2011ko eta 2013ko pentsio erreformen aurka agertu dira beste behin ere, eta azaldu dute batez ere emakumeak kaltetzen dituztela erreformek. Pentsionisten eta, gehienbat, emakumezko pentsionisten egoera kaltetu duten beste hainbat faktore ere zerrendatu dituzte: "erretiro adina 64 urtetik 67ra igotzea; sindikatu batzuekin adostutako gutxieneko kotizazio-aldiak zortzi urtetik 25era luzatzea; pentsioaren kalkuluan kotizazio hutsuneak; pentsioen %100era iristeko eskatzen diren kotizazio aldiak 35 urtetik 37 urtera luzatzea eta egoera horretan dauden pertsonen zaintzaileen kotizazio hitzarmena zazpi urtez etetera behartzea".

Hori dela eta, tinko eusten diete beren aldarriei:

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. 
  • Gutxieneko soldata 1.200 eurokoa. 
  • 2011ko eta 2013ko pentsio erreformak indargabetzea. 
  • Emakumeen lanaldi partzialeko kontratazioa murriztea. 
  • Ezkutuko ekonomiaren (gehienbat emakumeek pairatzen dutena) aurka borrokatzea.

Hurrengo astean hitzordu bikoitza

Datorren astelehenean ere Lege Zaharren Enparantzan bilduko dira ohi bezala, aldarriak kalera atzeratzeko. Beste hitzordu baterako deia ere egin dute oraingoan, ordea. Martxoaren 8a izango da datorren astelehena, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Zarauzko Koordinadora Feministak antolatutako mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute pentsiodunek. 18:30ean hasiko da manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide