Aldi baterako argazki erakusketa berria jarri dute Zarauzko Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan. Bihar, asteartea, 10:00etan izango da Emakumeok aurkezle izeneko bildumaren irekiera, eta martxoaren 28ra arte egongo da ikusgai.
21 emakumek hartu dute parte erakusketa horretan, "batzuk eskarmentu handikoak, eta beste batzuk hasiberriak". Argazkilari bakoitzak egindako bi argazki bilduta eratu dute sorta, alegia, 42 irudi desberdinekin. "Esperientzia honen aurreneko urtea izanik, gaia librea izan da", azaldu dute egileek: "Ondorioz, estilo oso ezberdineko argazkiak ikus daitezke".
1979an sortu zuten Gipuzkoako Argazkilari Elkartea, eta garai hartan, "hainbat estilotako argazkien erakusketa bat prestatu" zuten kolektiboko hiru kidek: Maritxu Urretak, Juana Mari Gallastegik eta Trini Grasesek. Ordutik hainbat emakume argazkilariren lanak batu eta erakutsi izan ditu elkarteak, "beti gai edo proiektu zehatz baten inguruan". Horren adibide da Emakumeok aurkezle.
Photomuseumeko ordutegia eta prezioak
- Ordutegia: asteartetik igandera. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
- Prezioak:
- Orokorra. 6 euro. 30 euroan eros daiteke hamabi sarrera biltzen dituen bonoa.
- Murriztua. 3 euro. 13-18 urte artean izanez gero, edo Eusko Ikaskuntza, Fnac, Circulo de Lectores, Gazte Txartela, Nekatur edota 3txulo txartela erakutsiz gero.
- Taldekakoa. 3 euro pertsona bakoitzeko, sei laguneko taldea osatuz gero.
- Doakoa. Asteazkenean edo ostiralean joanez gero, 13 urtetik behera izanez gero, edo EEAko irakasle akreditatua izanez gero.