Ekaitz Sirventen senide eta lagunek espetxera bisitan joan ahal izateko PCRak anbulatorioan egitea lortu dute

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 1a

Mont de Marsango espetxean dago preso Ekaitz Sirvent zarauztarra. (Uztarria)

Gaur egun PCR emaitza negatibo bat eskatzen dute Frantziako Estatuan sartzeko, eta horrek nabarmen igo du hango kartzeletan gatibu dauden presoak bisitatzeko gastua. Mont de Marsango espetxean dago preso Ekaitz Sirvent zarauztarra, eta udaletxean idatzizko eskakizun bat aurkeztu ostean, haren senide eta lagunek Zarauzko anbulatorioan PCR probak doan egitea lortu dute, bisitan joan ahal izateko. "COVID-19aren aitzakiapean", espetxeetako baldintzak "asko tenkatu" dituztela salatu du Zarauzko Sarek, eta presoek egun bizi duten "egoera kaskarra" seinalatu du.

Gaur-gaurkoz, PCR emaitza negatibo bat behar da Frantziako Estatuan sartzeko. Badira lau aste neurri hori indarrean sartu zenetik, eta Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko mugatik 30 kilometro baino gehiagora bizi den pertsona orok aurkeztu behar du PCR proba baten emaitza muga igaro ahal izateko. Horixe da, hain zuzen, Ekaitz Sirvent preso politiko zarauztarra bisitatu nahi duten hainbaten kasua.

Mont de Marsango kartzelan dago gatibu Sirvent, 260 kilometrora. PCR proben neurria ezarri zutenean, espetxeko bisitei uko egitea erabaki zuen Sirventek, hura bisitatzera joaten diren senide eta lagunei eragingo zien "gainkargagatik" eta "kostu ekonomikoagatik", Zarauzko Sarek azaldu duenez.

Dena den, aldi berean, presoei ere "murrizketa asko" jartzen hasi ziren espetxe barruan. Zarauzko Sarek adibide modura aipatu du hainbat egunetan kirola egiteko aukera kendu zietela Mont de Marsanen, eta "denborarekin, gero eta murrizketa gehiago joan dira gehitzen". "PCR proben neurria indarrean sartu eta aurreneko bi asteetan, kartzela barruan berrogeialdian sartu zituzten guztiak. Horren ondorioz bi orduko patioak baino ez zituzten presoek, eta gainera, ezin ziren kide guztiak elkarrekin egon, patiora jaistean solairuka banatzen baitzituzten", azaldu dute Sareko kideek. "Espetxe barruko egoera gero eta gehiago zaildu zen, eta gurekin harremanetan jartzea erabaki zuen orduan Ekaitzek, PCR proben auziarekin zer egin genezakeen aztertzeko, behintzat".

PCR probak, bermatuta

Hori ikusita, Zarauzko Sareko kideek bi bide jarri zituzten martxan. Udalarekin harremanetan jartzen ahalegindu ziren batetik, baina bestetik, "bide hori askotan luzea" izaten dela iritzita, "urgentziaz" ekin zioten dirua biltzeari. "Hilabetean zortzi bisita izaten direla eta PCR proba bakoitzak 80 euro inguru balio duela kalkulatu genuen, eta beraz, hilabetean gutxi gorabehera 700 euro beharko genituela ikusi genuen", adierazi dute. Sirvent bisitatuko zuten pertsonek PCR proba Donostiako laborategi batean egitea zen asmoa, eta bildutako diruarekin ordaintzea gastuak. "Hasieratik izan da gure helburua Ekaitzek bisitak izatea", diote.

Bestalde, baina, udalarengana jo zuten. "Ikusi genuen alkateak ez zuela zuzenean harremana izan nahi Zarauzko Sarek eta Izan Bidea dinamikak biltzen duen jendearekin. Askotan azaldu genuen larrialdi egoera bat zela, baina alkatearen erantzuna izan da harremana Ekaitzen senideekin egin nahi izatea. Azkenean, beraz, senideak jarri ziren harekin harremanetan", xehatu dute. Udaletxean idatzizko eskaera bat aurkeztu zuten presoaren senideek: alegia, Sirventi Mont de Marsanen bisita egingo dioten pertsonek PCR proba Zarauzko anbulatorioan egin ahal izatea.

Idatzi hori oinarri hartuta, alkatetzak anbulatoriora bidali zuen eskaera, eta proposamena Gipuzkoako Osakidetzarengana heldu ostean, baiezko erantzuna jaso zuten Sirventen senideek. Hortaz, hemendik aurrera, astean bi pertsonak egin ahal izango dute proba Zarauzko anbulatorioan, doan, gero muga igaro eta presoa bisitatzera joan ahal izateko.

Zailtasunak

Zarauzko Sarek dio "lorpen bat" izan dela honakoa, baina "espetxeetan egoera asko tenkatu" dutela "COVID-19aren aitzakiapean". Bisitak, "bereziki Espainiako Estatuan", "zaildu" egin direla azpimarratu dute: "Senideek gero eta zailtasun gehiago dituzte bisitak egiteko, eta kartzela barruan egoera oso kaskarra da".

"Espainiako Estatuaren aldetik pixkanaka urratsak ematen ari dira" Sareren iritziz, besteak beste, aipatu baitu presoak Euskal Herritik hurbilago dauden kartzeletara ari direla lekualdatzen. "Baina ikusten dugu urratsak ez direla nahikoak, eta beharrezkoa dela mobilizatzea", ondorioztatu du. "Gaur egun espetxe barruan bizi duten egoerak psikologikoki dakarrena" kontuan hartuta, Sirventi "berotasuna" eta "elkartasuna" helaraztera dei egin du, gainera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide