Koronabirusaren pandemiaren hirugarren olatuak moteltzera egin du nabarmen Hego Euskal Herrian, eta Zarautzen ere agerikoa da kasu positiboen kopuruaren beherakada. Hiru kasu positibo izan dira asteburu osoan; hain zuzen, bana ostiralean eta larunbatean, eta bat ere ez atzo, igandea. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du: 162,76koa zen ostiralean, eta 145,63koa da gaur, asteburuko datuak kontuan hartuta. Hala ere, eremu horian jarraitzen du Zarautzek.
Azken boladan asteburuetan izan den positibo kopururik baxuena izan da Urola Kostan, orotara, ostiraletik igandera bitartean, 23 positibo detektatu ditu Eusko Jaurlaritzan Osasun Sailak eskualdeko herrietan.
5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak 200dik beherako intzidentzia tasa dute; hau da, intzidentzia tasa asko jaitsi da herri horietan. Zarautz bezala, eremu horian dira Azkoitia, Azpeitia, Orio eta Zumaia. Dena den, PCR edo antigeno probak egin dituzten herritar batzuek eman dute positibo herri horietan ere: Azpeitiak seik, Zumaian hiruk eta Azkoitian batek; Orion, ez dute positiborik zenbatu.
Eskualdean intzidentzia tasa altuena duen herria, berriz, Zestoa da. Asteburuan zazpi positibo atzeman dituzte herri horretan, eta gaur-gaurkoz, 590,65 da hango tasa. Hala eta guztiz, 10.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez da eremu gorrian sartu herria. Gainerakoan, Errezilen eta Aizarnazabalen positibo bana zenbatu dute ostirala eta igandea bitartean, eta Getarian, berriz, bi lagunek eman dute positibo.
Datuak hobetzen
Hego Euskal Herrian ere hobetzen ari dira COVID-19ari lotutako datuak. Atzo 128 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 78 Gipuzkoan, 41 Araban eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuten positibo PCR eta antigeno probetan. Datu horiek tarteko, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 255,03n kokatu da. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, 0,87 da.
Nafarroan, berriz, joan zen uztailaz geroztik izan den kutsatu kopuru txikiena atzo zenbatu zuten: 42 lagunek eman zuten positibo Osasunbideak egindako probetan. Horrenbestez, azken hogei egunetan ehun positibo baino gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan egunez egun. Positibotasun tasak gora egin du, dena den, gauzatutako proba kopurua ere asko jaitsi delako: 784 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %5,4 da.
Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka bada ere. Atzo 120 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan, duela astebete baino hamalau gutxiago. Orotara, 22 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta gaur egun 299 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan koronabirusaren harira. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.