Hiru positibo baieztatu dituzte Zarautzen

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 24a, 13:16

Horian jarraitzen du Zarautzek, baina intzidentzia tasak behera egin du atzotik: 209,88koa da une honetan.

Zarautzen bare jarraitzen du egoerak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo, hiru kasu positibo baieztatu zituzten Zarautzen. Herenegun kasu bakarra atzeman zuten, igandean bi, larunbatean bat, eta aurreko ostiralean lau. Eremu horia izaten jarraitzen du Zarautzek, baina kasu metatuen tasak behera egin du atzotik: 231,29koa zen herenegungo datuekin, eta 209,88koa da gaur-gaurkoz.

Urola Kostan, guztira, hamahiru positibo zenbatu zituzten atzokoan. Herenegun baino zazpi gehiago dira, baina, hala ere, bilakaera ona da, intzidentzia tasak beherantz egin baitu 5.000 biztanletik gorako herri gehienetan.

Egoerarik onena Azkoitian dute. Atzo ez zuten positiborik atzeman han, eta 58,42ko intzidentzia tasarekin, eremu berdera pasatu da herria. Eremu horretan sartzen den eskualdeko lehen herria da, gainera. Zarautzek bezala, horian jarraitzen dute, berriz, Azpeitiak, Oriok eta Zumaiak.

Azpeitian hiru positibo baieztatu zituzten atzo eta 197,11eko intzidentzia tasa dute. Zumaian positibo bat atzeman zuten atzo eta 172,99koa da intzidentzia tasa; Orion, aldiz, ez zuten positiborik hauteman eta 195,69koa da tasa. Atzoko beste lau positiboak Aian eta Zestoan hauteman zituzten; bina herri bakoitzean. Gainontzeko herrietan ez da positibo berririk izan.

Hego Euskal Herrian, bostehundik behera

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakitera eman dituzten datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa detektatzeko 11.926 proba egin zituzten eta horietatik 470ek eman zuten positibo; %3,9k beraz. Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien, 233; Gipuzkoan 103 izan ziren; eta Araban eta Nafarroan 65na.

Erietxeetako presioa ere jaisten ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 44 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan eta, gaur-gaurkoz, 465 dira ospitaleratuta dauden herritarrak; horietatik 132 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Herenegun 494 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, atzo baino 29 gehiago.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide